Oñatiko udala

Athlon Sintagmia enpresak beteko du kiroldegiko igeriketa monitore eta kiroldegi nahiz Usakoko sorosle zerbitzua

2021/02/23
Card image cap
(Arg: Goiena)
Kontratua, martxoaren 1ean sinatuko da

  Lau enpresa aurkeztu ziren udalak deitutako lizitazio prozesura: Athlon Sintagmia, Egoitek, Ebone & Jaso UTEa eta Kirol kudeaketa 2011 enpresak. Kiroldegian nahiz Usakon bete beharreko zerbitzuaren inguruan enpresek aurkeztu zuten memoria teknikoak erabaki du esleipena Athlon Sintagmia enpresaren alde, eskaintza ekonomikoan proposamenak parekoak izan baitira.

  Enpresek osatu beharreko txosten teknikoan hiru atal baloratu dira: antolaketa eta koordinazioa, kalitate plana eta ur-inguruneko jardueren eta ekintza pedagogikoen proposamena. Hiruetan Athlon Sintagmiak jaso zuen puntuaziorik altuena. Aipagarria da, txosten teknikoaren balorazioan gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik Kirol kudeaketa 2011 enpresa lizitaziotik kanpo utzi zuela Kontratazio Mahaiak eta ondorioz, eskaintza ekonomikoa baloratzerakoan ez zela kontutan hartu. Sorosle eta igeriketa monitore zerbitzuak emateko proposatutako aurrekontuari dagokionean lizitazioan jarraitu zuten hiru enpresek pareko eskaintza egin zuten, udalak sorosle eta monitore zerbitzu orduko zehaztu zuen lizitazio prezioa, euro bat edo 99 xentimo merkatuta. Hirurek puntuazio berbera jaso zuten eskaintza ekonomikoen atalean.

  Bateko eta besteko puntuazioa batuta, zerbitzu kontratua Athlon Sintagmia enpresarekin sinatuko du udalak. Martxoaren 1ean, datorren astelehenean formalizatuko da aipatu kontratua. Athlon Sintagmia enpresarekin bi urterako kontratua sinatuko da. Urteko prezioa, 183 mila euro izango da, udalak zehaztu zuen lizitazio prezioa baino ia 13.000 euro merkeagoa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!