Oñatiko udala

Astelehenean jarriko dira martxan Ramon Irizar eta Motxon kaleetako semaforo-totemak

2022/10/20
Card image cap
Matrikula irakurgailuz hornituta daude eta baimendutako ibilgailuei bide emango diete laranja jarrita

  Ramon Irizar eta Motxon kaleetan jarri diren semaforo-totemek, oinezkoen guneetarako sarrera erregulatuko dute. Matrikulak identifikatzeko sistema daukate eta baimendutako ibilgailuren bat hurbiltzen denean semaforoa laranja jarriko da, bidea emanez. Bestela, zamaketa ordutegitik kanpo, semaforoa gorri egongo da.

  Astelehenean aktibatuko dira Ramon Irizar eta Motxon kaleko semaforo-totemak. 7:30tatik 12:00tara, zamaketa ordutegian, semaforoa laranja egongo da eta 12:00tatik hurrengo goizera arte gorri. Baina baimendutako ibilgailuren bat hurbiltzean, kolorez aldatu eta bidea emango du. 70en bat ibilgailu baimendu dira: inguruan garajea dutenak, San Migel kooperatibako banatzaileak, okindegitakoak edota botika zerbitzua betetzen dutenak, besteak beste. Baimenik gabe oinezkoen gunera sartzen diren ibilgailuen matrikulak erregistratuta geratuko dira eta 200 euroko isuna jasoko dute.

  Ramon Irizar eta Motxon kaleetarako sarbidean orain arte egon diren piboteak kendu egingo dira eta ez da ordezko oztopo fisikorik jarriko errepidean. Horrek, larrialdi kasuetan arin sartzeko aukera emango die bai zerbitzu publikoei baita partikularrei ere. Oztopo fisikorik ez izateak bereizten ditu semaforo-totem berriak Txaketueneko bidegurutzean dagoen sistematik. Baina batean zein bestean dagoen trafiko bolumena oso ezberdina da: 3.000 ibilgailu inguru pasatzen da egunero Zazpibidetatik eta 200 inguru Ramon Irizar eta Motxon kaleetatik. Dena den, beharra ikusiko balitz, bi kale sarrera hauetan ere oztopo zutoinak jartzeko aukera aztertuko litzateke etorkizunean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!