Astelehenean irekiko dira lorezaintza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora aurkeztu diren enpresen eskaintza ekonomikoen plikak
Bost enpresa eta UTEk parte hartzen dute herriko berdegune, parke, lorategi eta zuhaizti publikoen mantentze, iraunarazpen, birjarpen eta hobekuntza zerbitzu orokorra esleitzeko prozesuan. , Aurkeztu zituzten memoria teknikoen plikak martxo amaieran ireki ziren eta haien balorazioa argitaratu berri da www.oñati.eus atarian eta udaletxeko iragarki taulan.
Prozesuan parte hartzen duten enpresek hainbat alor landu eta zehaztu behar izan dituzte: zerbitzuan arituko diren langileak eta erabiliko den makineria, zerbitzuaren antolaketa orokorra eta kontrol sistemak eta hobekuntza proposamenak bai zehaztutako plegu teknikoarekiko eta ingurumenarekiko. Kontratazio mahaiak herenegun egin zuen bileran, puntuaziorik altuena, Eulen enpresari eman dio. Puntuazio altuena duenetik baxuenera, 10 puntu t’erdiko aldea dago. Astelehenean ezagutuko diren eskaintza ekonomikoek berriz, orain arteko puntuazio sailkapena irauli dezakete, 100eko puntuazio orokorrean, 51 puntu eskuratzeko bidea emango baitie enpresei.
Astelehenean, eguerdiko 13.00etan irekiko dira proposamen ekonomikoen plika edo kartazalak. Horien balorazioa, memoria teknikoarena baino arinago egingo da eta litekeena da, esleipen erabakia udako oporrek eragindako etenaren aurretik hartzea.
Lorezaintza zerbitzua kontratatzeko lizitazio honetan herriko berdegune, parke, lorategi eta zuhaizti publikoen mantenimendu, iraunarazpen, birjarpen eta hobekuntza zerbitzua orokorra bildu du Udalak. Mantendu beharreko azalera 245.000 m²-koa da eta eremuak berriz, Oñatiko berdegune publiko guztiak, kiroldegiko igerilekuko kanpoko berdegunea, San Martin eta Santa Lutzia zuhaiztiak eta Usako. Gainera, Olakuako urmaelaren eta auzokonpost-guneen mantentze lana egin eta beharra dagoenean, udal hilerriko lorezaintza-lanetan ere lagunduko da. Gune bakoitzaren ezaugarrien arabera, mantentze lanak nola eta zenbatero egin beharko diren zerrendatu ziren baldintza plegoan. Era berean, enpresak jarri beharko lituzkeen gutxieneko giza baliabideak ere zehaztu ziren. Lorezaintza zerbitzua kontratatzeko lizitazio prezioa bestalde ia 236 mila eurotan mugatu zuen Udalak.
Guzti horiek kontutan hartuta, 5 enpresa eta UTE aurkeztu dira prozesura. Tartean, azken urteetan herriko lorezaintza zerbitzuaz arduratu den LORELAN enpresa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!