Astelehenean hasiko da udaberrian egitekoa zen “Abeltzaintza ekologikoa” formazio ikastaroa

2020/10/01
Card image cap
Udalak, HAZI fundazioak eta Gomiztegik elkarlanean antolatu duten ikastaroan izena eman daiteke oraindik

  Abeltzaintza ekologiko arloan lan egiteko interesa izan eta langabezian dauden pertsonei zuzendutako formazio ikastaroa da Abeltzaintza ekologikoa izanekoa. Ikastaroa bi moduluz osatuko da: abeltzaintzako ustiategiko instalazioak, makinak eta ekipamendua, batetik, eta ustiategi ekologikoetako aziendaren maneiu arrazionala, bestetik. Bata bestearen jarraian egingo dira, urriaren 5etik 28ra lehena, eta azaroaren 2tik abenduaren 15era bigarrena. Interesatuek izena batean edo bietan eman dezakete, eta ondorioz, ziurtagiri profesionalak zatika edo modu partzialean eskuratzeko aukera izango da. Abeltzaintza ekologikoa ikastaroa langabezian dauden eta Lanbide zerbitzuan izena emana dutenei zuzenduta dago.

  Abeltzaintzako ustiategien instalazioak, makinak eta ekipamendua izeneko lehen modulua, 90 ordukoa izango da, urriaren 5etik 28ra, esan bezala. Ondoren hasiko den bigarren modulua luzeagoa izango da, 200 ordukoa eta ustiategi ekologietako aziendaren maneiu arrazionalean zentratuko da.

  Abeltzaintza ekologikoa izenpean bildutako bi moduluak Oñatin egingo dira, astelehenetik ostiralera 8:30tatik 14:30tara. Izena emateko epea zabalik dago oraindik. Informaziorako, HAZI fundazioaren web atarira jo behar da eta izen-ematea ere, atari horretatik egin behar da.

  Udalak eta HAZI fundazioak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten iaz.  Helburua, lehen sektoreari buruzko formazio ikastaroak Oñatin ematea da. Hitzarmen horren babesean Abeltzaintzako jarduera osagarriak bigarren mailako profesional ziurtagiria eskuratzeko ikastaroa egin zen, iazko azaroan hasita, eta orain bi moduluz osatutako bigarrena letorke, abeltzaintza ekologikoaren ingurukoa, biak ere, abeltzaintza arloan lan egiteko interesa dutenei zuzenduta. Ikastaro bikoitz hau udaberrian ematekoa zen baina sei hilabetez atzeratu behar izan da, osasun egoerak eraginda.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!