Astelehenean hasiko da adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua Eltziako Lagun-leku elkartean

2023/05/19
Card image cap
Gaitasun kognitibo eta fisikoak lantzea du helburu, herritarren bizi-kalitateari eta ongizate mailari eusteko

  Astelehenean, maiatzaren 22an, hasiko da adinekoentzatko eguneko arreta zerbitzu berria. Astelehen eta asteazkenetan Lagun-leku elkartearen Eltziako lokalean eskainiko da zerbitzua eta, astearte eta ostegunetan, San Juan kaleko Pake-leku elkartearen egoitzan. Oraingoz, eta jaso diren lehen eskaerei erantzunez, Lagun-lekuko taldea hasiko da, baina epe laburrean Pake-lekun beste talde bat eratu eta martxan jartzea espero da. Izen-ematea zabalik dago.

  Zerbitzu berria 65 urtetik gorako herritarrei dago zuzenduta eta arreta emango die menpekotasun arriskuan edo menpekotasun arin bat izan arren bizimodu autonomoa egiteko gai diren pertsonei, aldi batean edo modu iraunkorrean. Gaitasun kognitibo eta fisikoak lantzea du helburu zerbitzu berriak, herritarren bizi-kalitateari eta ongizate mailari eusteko. Hala, autonomiari eutsi, ohiko ingurunean mantendu, menpekotasun egoerak ekidin, atzeratu edo garapena moteldu, pertsona aktibo mantendu, norberaren gaitasun pertsonalak landu eta harreman-sareari eusteko xedea du zerbitzuak. Finean, osasun fisiko, kognitibo, emozional eta sozialean eragiteko asmoa du, erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko.

  Helburu horiek lortzeko, ariketa eta ekintza arinak egingo dira era atseginean. Eguneroko bizitza antolatzeko jarraibide edo laguntza ere emango da. Askotarikoak egingo dira: eguneroko gaien inguruko elkarrizketak, memoria lantzeko ariketak, trebakuntza digitalari eta bizitza aktiboari loturikoak... Zerbitzua erabiltzaileen egoera eta beharretara egokituko da, ez bakarrik landuko diren edukietan, baita, egutegi eta ordutegietan ere.

  Hasieran, adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua goizez izango da, 10:00etatik 12:00etara eta Eltziako Lagun-leku elkartearen lokalean, astelehen eta asteazkenetan, taldea bertan sortu baita. Taldeak, gutxienez, hiru, eta, gehienez, 12 lagunekoak izango dira. Erabiltzaile gehiagok izena eman ahala, Pake-lekuko eraikinean ere eskainiko da zerbitzua, astearte eta ostegunetan. Beraz, erabiltzaileak, Lagun-lekuko edo Pake-lekuko kokapena aukeratu dezake. Zerbitzua bi toki horietan kokatu arren, ez da eskatzen Pake-lekuko edo Lagun-lekuko erabiltzaile izatea.

  Herritarrak zerbitzua ezagutu eta izena ematera gonbidatzen dira Udaletik. Izena edonoiz eman ahal izango da eta informazioa Udaleko ongizate zerbitzuan eskuratu ahal izango da (ongizatea@onati.eus edo telefonoz, 943 03 77 00).

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!