Asteburuan asfaltatze lanak egingo dira Osinurdin eta Santxolopetegiko biribilgunetan
Azaroaren 26an, larunbata, eta 27an, igandea, asfaltatze-lanak egingo dira Osinurdingo biribilgunean eta Santxolopetegiko biribilgunean. GI-2630 errepidean, Santxolopetegi eta Elorregiko biribilguneen arteko zatian, zoruaren egitura birgaitzeko egitasmoaren baitan daude asteburuan egingo diren asfaltatze lanok. Lanak egin bitartean, ibilgailuei txandaka emango zaie bidea.
Oñati eta Elorregi arteko errepideak trafiko karga handia hartzen du, bereziki astelehenetik ostiralera, eta konpontze lanen eragina murrizte aldera, asfaltatzea asteburuan egitea erabaki dute Aldundiko arduradunek. Hala egin zen orain bi aste, Osinurdin eta Elorregiko biribilguneen arteko errepidearen zorua konpondu zenean, eta hala errepikatuko da asteburu honetan Osinurdingo eta Santxolopetegiko biribilguneetan.
GI-2630 errepidean, 20 eta 23 KPen artean egiten ari diren zorua birgaitzeko lanen baitan, lehen interbentzioa Zubillagako saihesbidean egin zen. Orduan, Oñatitik Elorregirako trafikoa Zubillaga auzo barrutik bideratu zen. Oraingoan ez da bide alternatiboa erabiltzeko aukerarik eta ibilgailuei bidea txandaka emango zaie. Auto ilarak sortu daitezke eta horregatik, arretaz eta pazientziaz jokatzea eskatzen da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!