Oñatiko udala

Asteazkenean hasiko dira banatzen Korpus eguneko meza nagusirako txartelak

2021/05/31
Card image cap
Oñatzen dantza ikuskizunerako gonbidapenak eskuragarri daude

  Oñatz dantza taldea Korpus eguneko ospakizunetara batu da eta meza nagusian ez ezik, arratsaldean, Korpus dantzak eskainiko ditu plazako pilotalekuan. 18:15tan hasiko da Korpus zikloko dantza emanaldia. Dantza ikuskizunerako gonbidapenak eskuragarri daude jada www.oñati.eus atarian, Txokolateixan eta leihatila digitalean. Txartelak doan dira baina aforoa mugatua egongo da.

  Eta aforo mugatuarekin ospatuko da, baita ere, Korpus eguneko meza Parrokian. Iaz egin zen bezala gonbidapen txartelak prestatu dira eta asteazkenetik aurrera eskuragarri jarriko dira Txokolateixan. Etzi, 10:30tan, hasiko dira Korpus elizkizunerako txartelak banatzen. Gehienera bi txartel eskuratu ahal izango dira pertsonako.

  Korpus eguneko meza nagusia 12:00tan hasiko da eta aurten ere berezia izango da, santu irudirik gabe eta San Migel eta apostolurik gabe ospatuko delako, ez baita ondoren prozesiñorik egingo. Baina Apostoladuaren kofradiako kideak beraien kapekin joango dira eta Oñatzeko dantzariek ere parte hartuko dute.

  Korpus eguna badatorrela iragartzen lehenak Oñatzeko dantzariak izango dira aurten ere. Baina auzoetara joan gabe haur eta lehen hezkuntzako herriko hiru ikastetxeetara hurbilduko dira, gaztetxoenei beraien dantzak eskaintzeko. Ostiral goizean izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!