Asteazkenean hasiko da udal ikuskatzaile-jakinarazle lanpostua betetzeko azterketaldia

5 izan ziren udalak behin behinean bete asmo duen ikuskatzaile-jakinarazle lanpostura aurkeztu zirenak baina 4 baztertu egin ziren, oinarrietan eskatutako titulazioa ez aurkezteagatik. Ondorioz, hautaketa prozesua hautagai bakarrak hasiko du eta hori asteazkenean izango da, apirilaren 28an, 10:00tan, udaletxean. Funtzio publikoari buruzko azterketa teorikoa egin beharko du. Gaindituz gero, gaitegi bereziari dagokion azterketa teoriko-praktikoa izango du gero, eta eskatzen zen 3. hizkuntza eskakizunaren maila agiri bidez egiaztatu ez badu, euskarazkoa ere bai.
Udalak kontratatuko duen ikuskatzaile-jakinarazlea udaleko Hirigintza, Zerbitzuak eta Landa Garapen eta Ingurumen departamentuen esanetara arituko da. Bere egitekoak izango dira adibidez, obrak nahiz hirigintzak arau-hauste salaketak ikuskatzea, auzoetako obra-inbertsioak ikuskatzea, auzokonpost guneetako jarraipen eta kontrola egitea, nahiz baratza parkearen jarduna jarraitu eta ikuskatzea. Tabernetako terrazen eta zoru-publikoaren okupazioa eta asteroko azokaren jarraipena ere egin beharko du, besteak beste.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!