Astean hasi dira Lezesarri auzorako oinezkoentzako bidea egokitzeko lanak

Lezesarri auzorako irismena hobetu ez ezik, ezaguna den gehiegizko abiadura arazoa leuntzera etorriko da Lezesarri auzorako oinezkoentzako bide berria. Lanak astean hasi dira. Errepidearen plataforma zabaltzeko lur-kentze lanak egiten ari dira eta trafikoa semaforoz bideratzen ari dira.
Azkoagaindik gora galtzadaren ezkerraldetik eta auzorako sarbidetik gora eskumaldetik prestatuko den oinezko bideak 2 metroko zabalera hartuko du. Horrek motordun ibilgailuentzat bidea estutzea ekarriko du eta, ondorioz, abiadura moteldu beharra. Gainera, errepidea gurutzatzeko tokian, zirkulazioa lasaitzeko eremua ezarriko da eta irlatxo bat eratuko da. Auzotarren kezka eta eskaerari erantzungo zaio horrela.
Echaide eraikuntza enpresa ari da lanak egiten, SESTRA ingeniaritza enpresak osatutako proiektuaren arabera. Lanak otsailerako amaituta izatea espero da. Onartutako aurrekontua, berriz, 301.572 euro da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!