Aste Santuko jai egunetan, herriko turismo eskaintza zabalduko da.

2014/04/16
Card image cap
Turismo bulegoan, unibertsitatea eta parrokia ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira eta Arrikrutzen, ordutegia luzatuz, azken bisita, arratsaldeko 6retan egin ahal izango da.

  Hasi dira lehen bisitariak gurera hurbiltzen baina Aste Santuko turismo eskaintza berezia, bihartik aurrera egingo da bai turismo bulegoan eta baita Arrikruzko koban ere.

  Turismo bulegoan, ostegunean, zapatuan eta domekan, Sancti Spiritus eta Mikel Goiaingeruaren Parrokia ezagutzeko bisita bereziak programatu dira. Ostegun Santu egunez, bisita, birritan egin ahal izango da, eguerdiko 12 eta erdietan eta arratsaldeko 5etan. Zapatuan eta domekan berriz, aukera bakarra izango da, eguerdiko 12:30tan. Herri guneko bi eraikin berezi hauek ikusteko aukera ematen duen bisita gidatuak, 75 minutuko iraupena du eta turismo bulegoan bertan kontratatu behar da.

  Ostiral santu egunez, berriz, Sancti Spiritus unibertsitatea ezagutzeko bisita gidatu berezia egingo da, hau ere, birritan, eguerdiko 12:30 eta arratsaldeko 5etan. Bisita hau laburragoa da, 40 minutukoa. Pazko astelehenean ere Parrokia ikusteko bisita gidatua egingo da baina eguerdiko 12:30tan soilik.

  Aste Santuko jai egunetan, turismo bulegoak ordutegi berezia ere izango du:  ostegun eta ostiralean, 10:00-14:00 eta 15:30-19:30; zapatuan, 10:00-14:00 eta 16:30-18:30 eta domekan eta Pazko astelehenean berriz, goizeko 10:00-14:00 soilik.

  Arrikrutz-ko kobetan ere ordutegia egokituko dute, bisita ordutegia luzatuz. Hala, Aste Santuan zehar, goizeko lehen bisita 10:30tan hasiko da eta azkena, ordubatetan baina arratsaldez, lehen bisita 3:30tan izango da eta azkena, eta berrikuntza hori da, arratsaldeko 6etan. Ordu puntuetan egiten diren bisitak gazteleraz izan ohi dira eta t’erditan hasten direnak berriz, euskaraz. Aipagarria da, urtean zehar Arrikrutzko kobak astelehenetan ixten badira ere, Pazko astelehenean irekita izango direla. Horren ordea, Pazko asteartean koba itxita egongo da. Aste Santuko jai egunetan, lekua ziurtatzeko, erreserba aurrez egitea aholkatzen da: 943 08 20 00

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!