Oñatiko udala

Aste honetan hasiko dira hondakinak gaika jaso ahal izateko koloreetako zakarrontziak kalean jartzen.

2013/03/04
Kirol instalazio eta eskola inguruetan jarriko dira zakarrontzi birziklatuak.

  Horixe baitira. Lehendik zeuden zakarrontziak berrerabili egingo baitira. Zakarrontzi zaharrak garbitu, jasoko duten hondakinaren arabera, kolore horiz, berdez, urdinez edo marroiez margotu dira eta pegatina argigarriak dituztela jarriko dira.

  Hartarako, 100nen bat zakarrontzi kendu ziren eta aste honetan zehar, lehen 80ak jartzen hasiko dira 20 gune berezitan. Nondik hasiko diren argi dago, gaikako lehen zakarrontziak kirol instalazio eta eskola inguruetan jarriko dira: Azkoagain eta Larrañako futbol zelai inguruetan, Zubikoa Kiroldegirako sarreretan eta Txantxiku Ikastola, Elkar Hezi ikastetxea eta Urgain eskola publikoaren eraikin ezberdinen inguruetan. Jende askoren joan-etorriko guneak izango dira beraz, zakarrontzi berrituak hartuko dituzten lehenak. Horiek jarri ahala, zakarrontzi zuri zahar gehiago kenduko dira, berrerabili daitezen gertatzeko.  

  Oñatin, moldaketa lanak hasi aurretik, 420 zakarrontzi zeuden kalean. 300nen bat berrerabiliko diren ereduari dagozkio: zuri kolorekoak eta OÑATI GARBI deritzon idatzia daramatenak, hain zuzen. Horiek esan bezala, garbitu eta margotzen ari dira, hondakinak gaika jaso ahal izateko.

  Beste eredu batzuetako zakarrontziak ere badaude, eta horiek nola berrerabili aztertzen ari dira. Herri guneko alde zaharrean, esaterako, plaza, kale zaharra, kale barria, unibertsitate etorbidea eta inguruetan, kolore gris-beltzarana duten zakarrontziak daude. Horiek ez dira margotuko eta bere horretan mantenduko dira. Hori bai, propio sortutako koloreetako pegatinak jarriko zaizkie, hondakinak, kasu honetan ere gaika bota ditzagun.
Kalean dauden zakarrontzien birziklatze prozesua martxan da. Aste honetan bertan, koloreetako lehen zakarrontziak ikusiko ditugu kalean. Bermoldaketa osoa, pare bat hilabeteren buruan egingo da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!