Aste honetan abiaraziko da Arantzazuko Ama kaleko 4-6 eta 10 eta Aozaratza kaleko 22 zenbakien etxeak eraisteko lizitazio prozesua.
Diputatuen Kontseiluak 2005ean onartu zituen Oñatiko Planeamenduko Arau Subsidiarioek Portalekua arearen garapena aurreikusten zuten.
Areak hiri-lurzoruko sailkapena du, eta 2.200 metro koadroko azalera hartzen du. Zatirik handiena, 1.600 metro koadro inguru, espazio libre erabilerarako kalifikatuta dago eta gainontzeko 600 metro koadroak, bide komunikazioetarako. Izan ere, area honen antolamenduaren helburua saihesbidearekin lotzen den bidearen inguruko espazio publikoa zabaltzea baita bide loturaren beraren baldintzak hobetuz. Horretarako arean dauden eraikin guztiak antolamenduz kanpo deklaratu ziren.
Lau dira inguru horretan egonik eraitsi behar diren etxeak: Arantzazuko Ama kaleko 4-6 eta 10a eta Aozaratza kaleko 22 zenbakiduna hain zuzen. Aipatu etxeen eraispen prozedura martxan da. Izaskun Legaristi arkitektoari eraispen proiektua eskatu zitzaion eta lanen zuzendaritza ere berak egingo du.
Orain, proiektua eskutan, lanak esleitzeko baldintza plegua osatzen ari dira udaleko hirigintza departamentuan. Lanak, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuz edo deialdi publikoa zabalduz egingo ote den ere erabaki beharko da. Lanak, lehenbailehen esleitu asmo dira, abuztu amaiera edo iraila hasieran egin daitezen. Bizpahiru hilabeteren buruan beraz, Portalekuko gaurko irudia guztiz aldatuta ikusiko dugu.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!