Asier Guridik gose greban jarraitzen du Caracasen bere nortasun egoera eta Iban semearena erregularizatzea eskatzeko

2022/04/13
Card image cap
15. greba-eguna du

  Asier Guridi Zaloña oñatiarrak gose greba berri bati ekin zion martxoaren 29an, Caracasen, Espainiako Kontsulatu Orokorraren aurrean, semearen eta bere nortasun juridikoa izateko eskubidea eskatzeko. Iazko abenduaren 3tik 8ra ere gose greban egon zen Guridi. Orduko hartan Venezuelako Errefuxiatuen Komisio Nazionalak errefuxiatu izaera aitortu zion, baina nortasun agiriak ematen dituen Saime izeneko instituzioan blokeatuta dago prozesua. Horregatik, berriz ere gose grebari ekitea erabaki zuen. Gaur, 15. eguna du.

  Bitarte horretan Gurutze Gorriaren hainbat bisita jaso ditu, bere osasun egoera ona dela ziurtatzeko. Chacaoko poliziaren jazarpena ere salatu du, hainbatetan hurbildu zaizkiolako Caracas erdialdean dagoen Espainiako kontsulatu aurrealdetik alde egin dezan. Arazoa desblokeatu dezaketen arduradun batzuekin harremanetan dela adierazi digu baina oraindik gaia ez da bideratu.

  Guridik Euskal Herriko alderdi politiko, talde, norbanako, komunikabide eta eragileen elkartasuna eskatzen du sare sozialetatik zabaltzen ari den mezuen bitartez.

  Asier Guridi Zaloña oñatiarra 2005ean iritsi zen Venezuelara, Espainiatik ihesi, eta 2013an atxilotu zuten. Ordutik ez du nortasun juridikorik. 2008an Iban semea jaio zen baina ezin izan zuten Guridi deituraz erregistratu eta horrela jarraitzen du egun, aitak ezin duelako nortasun agiri ofizialik aurkeztu. Egoera erregulatze aldera Espainiako kontsulatura joan zen 2020an baina pasaportea ukatu egin zioten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!