Asfaltatze lanak egingo dira asteburuan Osinurdin eta Elorregiko biribilguneen arteko errepide zatian

2022/11/10
Card image cap
Ondorioz, bidea txandaka emango da larunbatean eta igandean

  GI-2630 errepidean, Santxolopetegi biribilgunetik Elorregirainoko tartean, zorua birgaitzeko lanak egiten ari dira eta asteburuan, Osinurdin eta Elorregiko biribilguneen arteko errepide zatia asfaltatuko da, Foru Aldunditik jakinarazi denez.
Azaroaren 12an, larunbata, eta 13an, igandean egingo dira asfaltatze lanok. Txandaka egingo dira errei bakoitzean eta ibilgailuei ere bidea txandaka emango zaie, libre dagoen erreitik.

  Oñati eta Elorregi arteko errepideak trafiko karga handia hartzen du, bereziki astelehenetik ostiralera, eta konpontze lanen eragina murrizte aldera, asfaltatzea asteburuan egitea erabaki dute Aldundiko arduradunek. Hala ere, auto ilarak sortu daitezke eta arretaz eta pazientziaz jokatzea eskatzen da.

  Urriaren 17an hasi ziren aipatu bide konponketa lanak egiten, Zubillagako saihesbidean eta alternatiba moduan, Oñatitik zihoazen ibilgailuak Zubillagako auzo barruko errepidetik bideratu ziren. Osinurdin eta Elorregiko biribilguneen arteko errepideak ez du beste bide alternatiborik eta, ondorioz, ibilgailuak obra gunetik pasako dira, baina txandaka, unean-unean libre dagoen erreitik. Asfaltatze lanok asteburuan, larunbat eta igande artean burutzea espero da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!