Artxibo laguntzailea eta bi TAO kontrolatzaile aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du Udalak
Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2022 programaren baitan Udalak bost langabetu aldi baterako kontratatuko ditu, Lanbideren dirulaguntzaz: Artxibo laguntzaile bat, bi TAO kontrolatzaile eta bi kale garbitzaile. Lehen langileak urrian hastea nahi da eta horretarako hautaketa prozesua gaur bertan abiatu du Udalak.
Artxibo laguntzailea sei hilabeterako kontratatuko da, % 50eko lan jardun partzialaz aritzeko. Batxilergo mailako titulazioa eta C1, edo pareko euskara maila, eskatzen da. Bi TAO kontrolatzaile ere kontratatuko ditu Udalak, aldi baterako. 5 hilabeterako kontratua egingo die eta lan jarduna ere partziala izango da, % 50ekoa. Eskola graduatua eta B2 mailako euskara ezagutza duten langabetuak bilatzen dira.
Gaur bertan ireki da aldi baterako hiru lanpostu hauetarako izen-emate epea, urriaren 4ra arte. Lanbideren web ataritik egin behar da izen-ematea edota telefonoz, 945160600 deituta, nortasun agiriaren zenbakia, DARDE aztarna eta lan eskaintzaren kodea emanez. Urrian, berriz, kale garbiketa zerbitzuan arituko diren beste bi pioi kontratatzeko deialdia abiatuko du Udalak. Biak azaroan lanean hastea aurreikusten da.
Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira Enplegua sustatzeko toki-ekintzaterako dirulaguntzen bidez egiten diren kontratazio hauetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!