ARTHITZ, hitza, musika, irudia eta dantza biltzen dituen egitarau berezia gertatu da larunbaterako Arantzazun
ARTHITZ egitarauak arte adierazpen ezberdinak bilduko ditu Gandiaga Topagunean . Anjel Lertxundi, Antton Valverde, Kukai-Ttanttaka dantza taldea, Susana Cencillo, Hilario Rodeiro eta Koldobika Jauregi Arantzazura hurbilduko dira larunbatean.
Hiru ekintza antolatu dira eta artistak, binaka, hirunaka parte hartuko dute. Eguerdiko 12.00etan hasiko da lehen saioa Anjel Lertxundi eta Antton Valverderen eskutik. Hitza eta musika uztartuz, Hatsik gabe, huts: nola deitu materia ez denari izeneko emanaldia eskainiko dute. 18.00tan, Hazipenaren pozak dantza ikuskizuna izango da Kukai-Ttanttaka taldearen eskutik. Amaitzeko, 20.00tan eta izenez behintzat egitarauaren logika apurtuz Genesia izenburupean, Susana Cencillo eta Hilario Rodeiro musikariekin batera, Koldobika Jauregik performanzea osatuko du.
Gandiaga topagunean izango dira ekitaldi guztiak eta sarrera doan. Leku guztiak bete arte beraz, sartzeko aukera izango da.
ARTHITZ arte topaketen aurkezpenekoa egin dute gaur eguerdian Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean, antolakuntza taldeko ordezkariek: Gandiaga Guneko Juan Biainek, Ur Marako Koldobika Jauregik eta Mikel Laboa Katedrako Juan Kruz Igerabidek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!