Oñatiko udala

Arte udalekuetan begirale izateko bigarren deialdia egin du Udalak

2022/05/17
Card image cap
Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 18tik 22ra izango da, biak barne

  Lehen deialdira 5 hautagai aurkeztu ziren baina batek atzera egin duenez, arte udalekuetan parte hartzeko asmoa azaldu duten gaztetxoen beharrak betetzeko beste begirale bat, edo bi, topatu nahi ditu Udalak. Horregatik, hautagaiak aurkezteko bigarren deialdia egitea erabaki du. Iragarkia gaur bertan argitaratu da udaleko web atarian eta bihar irekiko da eskaerak aurkezteko bost eguneko epe berria.

  Arte udalekuetan begirale izateko bete beharreko baldintzak aurreko deialdirako zehaztu zirenak dira: Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gutxienez gaindituta izatea, C1, EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea. Eskaerak udaleko zerbitzu telematikoen bitartez aurkeztu daitezke edo aurrez aurre udaletxean, HAZ bulegoan. Baina bulegoa astelehenetik ostiralera eta 7:30tatik 15:30tara irekitzen da, eta joan aurretik, hitzordua eskatu behar da.

  Arte udalekuetan begirale izateko eskaera orriari udalak zehaztutako baldintzak betetzen direnaren egiaztagiriak erantsi beharko zaizkio eta baita ere, meritu gisa baloratuko diren beste batzuk, hau da, Arte Ederretako graduaren 2. mailatik gorako ikasturteak gaindituta izatea, artearekin lotutako formazio osagarria, 4. hizkuntza eskakizunaren euskara agiria, arte udalekuetako begirale gisa aritu izana edota artearen inguruan irakasle lanak egin izanaren agiriak.

  Arte udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 22ra egingo dira, 10:00tatik 13:00tara. Hala ere, Udalak, uztailaren 29ra arte eta 9:30tatik 13:30ak arteko jarduna betetzeko lan kontratua egingo die begiraleei. Izan ere, udalekuak hasi aurretik programazioa prestatzeko eta bukaeran balorazioa eta udalekuen memoria egiteko, aurrez nahiz ondoren, hainbat egunetan lan egitea eskatuko baitzaie.

  Arte udalekuetan begirale izateko bigarren deialdi honetan epeak oso estuak dira, bihar hasi eta domekara arte. Argibide gehiago udaleko web orrian, lan eskaintzak atalean, ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!