Arrikrutzeko lehoiaren aurkikuntzaren 55. urteurrenaren harira hainbat ekintza antolatu dira

2021/11/03
Card image cap
“Lehoiaren atzaparretan galduta” liburua ondu du Iñaki Zubeldiak, aurkikuntzaren kronika jasoz

  Iñaki Zubeldia eta Jesus Manuel Maroto izan ziren 1966ko udazkenean Arrikrutzen sartu eta lehoiaren hezurdura topatu zutenak. Lehen asmoa ezezaguna zuten Meskita salaraino iristea zen baina bidean nahastu eta galdu egin ziren. Hortik abentura berezi honen kontaketa jasotzen duen liburu berriaren izenburua: lehoiaren atzaparretan galduta.

  Gertaera horren kontaketak betetzen du liburuaren atal nagusia baina Arrikrutzekin eta espeleologiarekin lotura izan zuten hainbat pertsonei eskainitako atal txiki bat eta lehoiari zuzendutako gutuna ere jaso dira. 14 urtetik gorakoentzat aproposa den liburua oso erraz irakurtzen dela azaldu zen atzoko aurkezpenean. 500 aleko argitalpena egin du udalak eta herriko liburu-dendatan, Txokolateixan, Turismo bulegoan eta Arrikurtzen bertan erosi ahal izango da, 12 euroren truke.

  Lehoiaren aurkikuntzaren 55. urteurrenaren harira beste hainbat ekintza egingo dira: herritar guztiei zuzendutako liburu aurkezpen irekia, Irungo Gordailura bisita eta “lehoiak Oñatin” izeneko tailerrak. Gordailura egingo den bisitarako eta  tailerretarako izena eman beharko da turismo bulegoan edo Arrikrutzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!