Arrikrutzeko kobak, Arantzazuko parketxeak eta aterpetxeak hezkuntza programa bateratua eskaintzen dute

Elkarlanean, sinergiak batuz, ikastetxeei zuzendutako eskaintza prestatu dute Arrikrutzeko kobak eta Arantzazuko parketxeak eta aterpetxeak 2021-2022 ikasturterako. Oñatiko erraiak eta soina Aizkorri-Aratz natura parkean izenpean bi eta hiru eguneko egitaraua eskaintzen da, parketxea, koba eta inguruko hainbat gunetan barrena ibilaldiak egiteko aukera jasoz. Ikastetxeak naturara hurbildu, eskola kurrikulumean jasotako edukiak beste era batera, zuzenean bizitako esperientziaz, landu eta barneratzea eta herriko turismo azpiegiturek bisitari gutxien jasotzen dituzten egunetan jarduera mantentzeko aukera izatea dira eskaintza ikastetxeetara zuzentzeko ekimenaren helburuak, besteak beste.
Bi-hiru eguneko ekintzen plangintzan Arrikrutzeko kobak eta parketxea bisitatu ez ezik, Iturrigorriko basora irteera edota parketxe inguruko txokoak eta kondairak ezagutuz jolasak eta tailerrak eskaintzen dira. Arrikrutzeko koba eta Arantzazuko parketxe eta aterpetxearen eskaintza ikasleen adinera eta ikastetxeen eskaerara egokitzen da. Gauak Arantzazuko aterpetxean egiten ditu taldeak. Covid protokolo berezia prestatu da bai aterpetxean eta baita koba eta parketxean ere eta osasun eta higiene neurri guztiak betetzen direla ziurtatzen zaie ikastetxeetako arduradunei.
Udazken-neguko hilabeteetan Oñati bertako ikastetxeak izan ohi dira inguruak bisitatzera eta Arrikrutzera edo parketxera hurbiltzen direnak. Baina udaberrian egiten diren txangoetarako Oñatin, Arantzazu inguruan, aukera zabala eta aberatsa dutela jakinarazi zitzaien Euskal Herriko ikastetxeei, kurtso hasieran.
Arantzazuko parketxea eta aterpetxearekin batera antolatutako programazio bereziaz gain, Arrikurtzeko kobak gai ezberdinak lantzeko aukera ere eskaintzen die eskolei, eduki horiek ere ikasleen adinera eta kurtsoan lantzen dituzten gaiei egokituta. Animalien artean, lehen gizakia, arrokak eta mineralak, ekosistemak, ura eta energia, kastolotia, paisaiaren eraldaketa eta historia eta artea gaiak lantzen dira kobazuloan bertan eta Arrikrutzeko interpretazio zentroan ekintza ezberdinak egiten. Arrikrutzeko gidari-hezitzaileak bisitarien behar eta eskaeretara egokitzen dira, eta lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat ez ezik, batxilergo eta unibertsitateko ikasleentzat ere ere ekintza osagarriak prestatzen dituzte.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!