Arrikrutzeko koba haurrei zuzendutako animaziozko ikus-entzunezko batean agertuko da

Baleuko ekoizpen etxea publiko gaztetxoari zuzenduta hainbat ikus-entzunezko labur lantzen ari da Zutik filmeko iratxoak gidari direla. Naturaren zaintza, osasun ohitura onak, elikadura egokia eta antzerako baloreak transmititu nahi dira haurrentzat ezagunak diren iratxoen eskutik.
Asteartean, otsailaren 8an, egon ziren Baleuko etxeko ordezkariak Arrikrutzeko koban irudiak hartzen. Oñatin egin den irudi errealen grabaketan MITI iratxoaren animaziozko irudiak txertatuko dira eta udazkenetik aurrera zabalduko den Miti esploratzailea sailean ikusi ahal izango dira. Miti iratxoak Euskal Herriko natur ingurune ezberdinak bisitatuko ditu tokian tokiko berezitasunak eta aberastasunak haurrei erakusten.
Baleukoren ekoizpen hauek Youtubeko Gookapi kanalean ikusgai daude; 5 minutu inguruko euskarazko muntaia laburrak dira eta gidari edo protagonista Zutik animaziozko filmeko iratxoak dira. Aipagarria da Baleukok ekoitzi zuen Zutik filma asteburuan banatu diren Goya sarietarako hautagai izan dela animaziozko luzemetraien sailean.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!