Arratsaldeko 4retan hasiko da Zubillagako Olaburu zentroan igeltsero ofizial lanposturako azterketa praktikoa.

2014/01/30
Card image cap
7 hautagaik dute ariketa egiteko aukera, aurreko proba gainditu ondoren.

  Udalak, igeltsero ofiziala aldi baterako kontratatuko du. Oposizio lehiaketa sistemaz hautatuko da eta lehiaketako merituak baloratu ondoren, azterketaldia da orain betetzen ari dena. Gaur arratsaldekoa bigarren azterketa izango da. Proba guztiz praktikoa izango da eta igeltserotzari dagozkion tresnak erabiliz hainbat lan egitea eskatuko da. Aurreko proba teoriko-praktikoa gaindituta, 7 hautagaik dute arratsaldeko ariketara aurkezteko aukera.

  Bigarren azterketa honen ondoren, euskarari dagokiona soilik geratuko da. Hori gainera ez dute guztiek egin beharko. Lanposturako finkatu zen euskara ezagutza maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek bakarrik egin beharko dute. Euskarari dagokion azterketan, bigarren hizkuntza eskakizunaren maila badutela erakutsi beharko dute. Baina hori, gero izango da. Gaur, ariketa praktikoa egin beharko baitute, arratsaldeko 4retatik aurrera Zubillagako Olaburu zentroan.

  Aldi baterako kontratatuko den igeltsero ofizial hau udal brigadan arituko da lanean, kale-plazetan nahiz udal eraikinetan igeltserotzari dagozkion mantenu lanak egiten, hiri altzariak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jartzen edota hornidura sare ezberdinak sartzeko zangak egin eta ixten. Horrezaz gain, brigada taldeak egin ohi dituen eszenatoki muntatze eta erretiratze lanetan edota bestelako garbitze, pintaketa eta mantentze lanetan lagundu beharko du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!