Oñatiko udala

Arratsaldean hasiko da “Emakumeentzako jabetze eskola”

2017/01/11
Card image cap
Parte hartzera animatzen du Udalak

  Herriko emakumeen topagunea eta gogoetarako eta prestakuntzarako lekua izan nahi du jabekuntza eskolak; elkarrengandik ikasteko, emakume anitzen arteko harremanak sortu eta indartzeko gunea izateaz gain, emakumeon ekarpenak jaso, baloratu eta pertsonalki zein talde bezala indartzeko espazioa izan nahi du. Sexismoak gure bizitan duen eragina ezagutu eta gainditzeko gunea sortu nahi da partaide guztien ekarpenez.

  Emakumeentzako jabetze eskolaren egitasmoa Andraitz Talde Feministak  sortu zuen orain urte batzuk dela, eta haien eskariz orain Udaleko Berdintasun Departamentuak emango dio jarraipena. 2016-2017 ikasturterako 6 ikastaro eta hitzaldi bat lotu dira.  Lehengoa Asertibitatea eta gatazka konponketa tailerra gaur bertan hasiko da. Hurrengo Jendaurrean hitz egiteko tailerra izango da. Hirugarrenik, Dj tailerra egingo da eta jarraian, Autodefentsa feminista Eskalada eta Ekonomia Feminista tailerrak egin ahal izango dira. Azkenik, eta aurrekoen formatua aldatuz, etorkinei zuzendutako hitzaldia ere izango da, dituzten ikasketak nola homologatu azaltzeko. Tailerretan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da eta udaletxeko bulegoetan edo udal  web-gunean egin daiteke, beti ere, tailerra hasi baino 8 lanegun aurretik.

  Gaur martxan jartzen den jabekuntza eskola Udalak kudeatzen duen lehena da. Honen harira, Leire Zumalde Gantxegik, Berdintasun Saileko Batzordeburuak esan du gogotsu heldu diotela erronkari. Udalean Andraitzen proposamena jaso zutenean, ezinbestekoa iruditu zitzaiien emakumeon ahalduntze pertsonala eta kolektiboa eskuratzen laguntzeko gaitasunak ikasi eta garatzeko aukera eskaintzen duen gune honi jarraipena ematea. Hala ere, trantsizio-ikasturte gisa azaldu zuen ikasturte honen paralelo, Oñatiko jabekuntza eskolaren proiektu definitzeko prozesua gauzatuko da 2017an zehar. Hau da, eskola beraren baitako hausnarketa egingo da jabekuntza eskolak zein helburu bete behar dituen, nori zuzendua egon behar den edota berariazko gune fisiko bat behar ote duen argitzeko. Bien bitartean, asertibitatea eta gatazka konponketa tailerrerako taldea  osatuta, arratsaldean bertan jarriko da martxan. Udalak, ondorengo jardueretan parte hartzera animatzen ditu herriko emakume guztiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!