Arrasateko ospitalean azaroan hasiko dira zentroan jaiotako haurrak erregistro zibilean inskribatzen
Orain hamar egun hasi ziren hainbat ospitaletan jaioberriak erregistro zibiletan zuzenean inskribatzen. Gutxi dira espainiar gobernuak eman duen aukera honetaz baliatzea erabaki duten autonomia administrazioak baina Euskadi horietako bat da. Hala, urriaren 15ean, Txagorritxuko ospitalean hasi ziren bertan jaiotako haurrak zuzenean inskribatzen, proba pilotu moduan. Azaroan berriz, esperientzia Arrasate, Zumarraga eta Mendaroko ospitaletara zabalduko da.
Zerbitzu hau ospitalean bertan izaki, guraso berriek ez dute beren seme edo alaba inskribatzeko bake-epaitegira joan beharko eta ospitaletik bertatik, tramitazioa egin ahal izango dute. Horretarako, ospitalean, gurasoen eskaera eta datuak jasotzeko zerbitzua egokituko da. Ordutegi zabala izango du gurasoak, egunean zehar datuak jakinarazteko aukera izan dezan. Eta bitarteko informatiko eta teknologiko guztiak izango ditu jaioberriak momentuan erregistro zibilean inskribatu ahal izateko.
Jon Darpon Osasun Sailburuaren hitzetan, zerbitzu berri hau martxan jarriz, pertsonekin duten konpromisoa berresten dute, osasun sistema hurbilagoa eta irisgarri edo akzesibleagoa eskainiz. Jaioberrien erregistroa ospitaletan egin ahal izateko lanean buru belarri aritu direla esan du Sailburuak, gurasoei derrigorrean egin behar duten tramite administratiborako erraztasunak eskaintzeko helburuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!