Arrasateko ospitale berriaren sotoan 63 aparkaleku publiko erabilgarri daude.

2012/12/03
Ospitaleko bigarren sotoan egokitu diren aparkaleku hauek doan dira.

  Debagoieneko ospitalaren eta anbulatorioaren inguruan 63 aparkaleku gehiago erabil daitezke. Ospitale berriaren 2. sotoan daude aparkalekuok. 3 plaza Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuko autoentzat erreserbatu dira baina gainontzeko 60ek erabilera librea dute.

  Doaneko parking publiko berri honek ordutegi mugatu baina zabala du: goizeko 06:30etatik gaueko 23:30etara. Sarbidea ospitale zaharreko albo batean du, tailerren ondoan.

  Inguratzen goazen neurrian aparkalekuan lekurik ote dagoen jakingo dugu, errepide ondoan libre edo betea adierazten duen argizko iragarkia baitago. Aparkalekuko sarbidearen aurretik berriz, parking-eko barrera zabalduko duen botoia zapaldu beharko dugu. Eta hesia jaso egingo da baldin eta plaza librerik badago eta une horretan beste ibilgailuren bat irtetera ez badoa. Izan ere, parking-era sartu eta irteteko errail bakarra dago, horretxegatik arreta handia jarri beharko zaio sarrerako semaforoari.

  Parking-eko ibilbide osoan sentsoreak daude. Hauen bidez barruko ibilgailuen mugimendua kontrolatuko da eta bakarren bat sartzen edo irteten ari delarik seinale berezia bidaliko die sarrerako semaforoei. Kamera bidezko zaintza sistema ere badago.

  Debagoieneko ospitalaren inguruan aparkaleku arazoa areagotu egin zen etxebizitzak eraiki eta ospitale berria jaso zenean. Arazoa arintzera datoz beraz, ospitale berriaren 2. sotoan, hain justu ere, egokitu diren 63 aparkaleku plaza horiek.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!