ARGI festibalaren baitan Gandiaga Topagunean ikusgai jarriko den erakusketa hautatzeko deialdia egin da

2017/02/23
Card image cap
ARGI 2017 festibala apirilaren 28tik maiatzaren 28ra egingo da Ilunpetan taldeak antolatuta

  Bi urtean behin antolatzen du Ilunpetan taldeak argazkigintzari eskainitako ARGI festibala. Dagoeneko 5.a izango den 2017koa, apirilaren 28tik maiatzaren 28ra luzatuko da. Eta hilabeteko epe horretan Gandiaga Topagunean jarriko den erakusketa hautatzeko deialdia egin dute Ilunpetan taldeak eta Arantzazu Gaur Fundazioak.

  Deialdiaren xede edo helburua, esan bezala, ARGI festibalak irauten duen bitartean Gandiaga Topagunean ikusgai izango den argazkigintza erakusketa aukeratzea da. Argazkigintza, zentzu zabalean ulertuta. Parte hartzeko gonbidapena, 18 urtez gorako egile nahiz argazkilaritza eremuan diharduten taldeei egiten zaie. Gaia, mugatu egin da eta natura eta espiritualtasunaren inguruko proiektuak eskatzen dira. Baina gaia modu librean eta subjektiboan lantzeko aukera ematen dute antolatzaileek.

  Interesatuek, proiektuari dagozkion 15 irudi gehienez aurkeztu beharko dituzte martxoaren 21a bitartean. Ondoren, epai-mahaiak erabakiko du lana zein egile edo talderi esleitu eta honek, ARGI ARANTZAZUKO komisarioekin elkarlanean aritu beharko du erakusketa diseinatzen. Hala, aukeratutako lanaren erakusketa egiteko aurrekontua gehienez 2000 € izango da. Festibala arduratuko da bestalde, hautatutako egileari ostatu emateaz eta obra osorik edo zati batean jada produzituta balego, antolatzaileek 2000 €ko diru poltsa jarriko lukete garraio gastuetarako.

  ARGI Arantzazu egitasmoaren inguruko xehetasunak festibalaren web atarian topatu daitezte: www.argifestibala.eus atarian. Proiektuak aurkezteko azken eguna berriz, martxoaren 21a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!