Araututako aparkalekuen udal ordenantza aztergai izango da Osoko Bilkuran
Denbora mugatua izango duten aparkalekuak, herri guneko hainbat kaletan egongo dira. Eta gunearen arabera, gehienezko denbora mugatuko egutegi eta ordutegiak izango dira. Inguruko bizilagunei, txartel bereizgarria eskuratzeko aukera ematea aurre ikusten da. Araututako aparkaleku gisa seinaleztatutako gunetan aparkatzeagatik ez da ordaindu beharko, baina gehienezko denbora gainditzen ez dela ziurtatzeko, inguruetan jarriko diren makinetan txartela eskuratu eta leku agirian jarri beharko da.
Udazkenean jarri asmo da martxan aparkalekuen errotazio sistema berria. Horretarako ordea, hainbat tramite bete behar dira, esaterako, gaurko Osoko Bilkurara eramango den udal ordenantza onartzea. Udalbatzak izango dituen eztabaidagaien artean garrantzitsuenetakoa da.
Hainbat diru laguntzetarako oinarriak onartu eta deialdiak egitea ere proposatuko da. Hara nola, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteei zuzendutako diru laguntzak edota, Oñatin garapenerako sentsibilizazio eta hezkuntza jarduerak egiteko edo larrialdi eta laguntza humanitarioko egitasmoak finantzatzeko diru laguntzak. Esparru honetan kokatu behar dira garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak garatzeko diru laguntzak. Eskaera hauek egiteko epea zabalik dago datorren astelehenera arte. Udalbatzari, epea luzatzeko proposatuko zaio.
15 gai eta aurreko agiriaren onespena nahiz galde-erreguetarako aukera jaso dira gaurko Osoko Bilkurarako lan zerrendan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!