Araotzeko errepidea trafikorako itxita dago
Gaur goizean hasi diren lanak asteazkenera arte luzatuko dira. Hiru egun hauetan, Araotzerako bidea 9.00tatik 18.00tara itxita egongo da. Hala ere, eguerdian, 13.00tik 14.30tara ireki egingo da.
Egiten ari diren lanak baino langileen segurtasunak eragin du Araotzerako errepidea trafikorako ixtea. Jaturabeko zubian horma konpontzen ari dira. Lanak, zubiaren azpialdean egiten ari dira eta horretarako langileak zintzilikatuta daude. Langileen segurtasunerako kontrapisuek errepidea zeharkatzen dute eta ondorioz, bidea zubiaren parean eta bi norabideetan guztiz itxita dago.
Foru Aldundiaren ardurapean egiten ari diren lanok asteazken arratsaldera arte luzatuko dira. Tarte horretan, GI-3592 errepidea, 1,700 kilometro parean itxita egongo da goizeko 9.00tatik 18.00tara. Auzo alkateak hala eskatuta, dena den, eguerdi partean ireki egingo da, langileak bazkaltzen ari direla aprobetxatuz. Gaur eta asteazkenean, 13.00tatik 14.30tara errepidea ireki egingo da. Bihar, hala egingo denik ez da bermatu. Izan ere, gaur egingo diren konponketa lanen ondotik bihar hormigoiztatze lanak egingo dira eta horiek segidan egin behar dira. Aurrez ezin da ziurtatu 13.00tara guztiz bukatuta egongo direnik eta ondorioz, ezta ere, bidea zabaldu ahal izango denik.
Auzotarrei Jaturabeko zubian gaur hasi diren lanen berri eta errepidearen ixte ordutegiaren berri aurrez eman zaie, euren egunerokoan kontutan hartu dezaten. Beste horrenbeste egin da larrialdiren bat gertatuz gero parte hartzen duten erakundeetan, Ertzaintzari eta suhiltzaileei alegia, bide mozketaren berri eman zaie. Hondakinen bilketa zerbitzua eta ikastetxeetako arduradunei ere jakinarazi zaie bilketa eta ikasleen garraio zerbitzuak egokitu ditzaten. Larrialdiren bat gertatuko balitz ordez, bidea ireki ahal izango litzateke, egiten ari diren lanek ez baitiote errepideari zuzenean eragiten, bertan ari diren langileen segurtasunari baizik. Beraz, benetako larrialdiren bat gertatzen bada, langileei abisua emanda, eusteko kontrapisuak kendu eta errepidea zabalduko litzateke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!