Araotzeko ostatura bisitak egingo dira, aurrez hitzordua eskatuta

2022/01/21
Card image cap
Ostatua ustiatzeko asmoa dutenei instalazioak erakusteko prest daude auzo-ordezkariak

  Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko lanak amaituta daude eta altzari eta etxetresnaz hornitzen ari dira, orain egun batzuk aurreratu genuenez. Ostatua ustiatzeko interesa duten hainbat lagunek udaletxera jo dute jada, baldintzez galdezka. Hiru bat dei izan dituztela jakinarazi digute. Baina ustiaketa baldintzak eta aurreko esleipen prozesua bera arautuko dutenak zehazteko daude oraindik, udala eta auzoaren artean halako hausnarketa prozesu bat burutu asmo baita, baina bitartean, instalazioak ezagutzeko bisitak egiteko aukera eskaini da. Auzoko ordezkariak prest daude Araotzeko ostatua erakusteko. Interesa duenak hitzordua eskatu behar du Udaleko Landa Garapena departamentuan, telefonoz, 010 doako zenbakira deitu eta 119 luzapena markatuz edo posta elektronikoz mezua, jaione@onati.eus helbidera idatzita.

  Araotzeko neska eskolan 4 apartamentu turistiko, taberna eta jatetxea egokitu dira. Instalazioak altzariz jantzi eta etxetresnaz hornitzeko lanak otsailerako amaitzea espero da eta ustiaketa prozesua laster abiatu nahi da, ostatua Aste Santurako ireki ahal izateko.

 Egokitze lanak amaitu eta lehenengo 10 urtetan udala arduratuko da ostatuaren ustiatze eta mantenuaz, auzoarekin sinatu zen elkarlanerako hitzarmenaren arabera. 10 urterako lagapen epea beteta, eraikina auzoaren eskura itzuliko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!