Oñatiko udala

Araotzeko ostatua eratzeko lanak azken fasean daude

2022/01/17
Card image cap
Ekipamenduaren hornidura eta instalazio lanak datozen asteotan amaitzea espero da

  Luze jo dute Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko lanek baina azken txanpan sartuta daude jada; eraikina moldatu eta espazioa berrantolatzeko barne eta kanpo lanak amaituta, altzariz eta etxetresnaz hornitzeko lanak egiten ari dira. Ekipazio kontratua lau lotetan banatu da: ostalaritzako ekipamendua, altzariak eta sukaldeko ekipamendua, eta sukaldeko tresnak eta bestelako osagarriak, hau da, etxerako eta katering artikuluak. Lanen gehienezko aurrekontua 99.000 eurokoa zen, eta azkenean, 73. 753 eurotan egingo da, BEZa kanpo. Lanak hasita daude eta urtarrila akabera-otsaila hasierarako amaitzea espero da.

  Lanak gauzatzeko epea murrizteko proposamena erabakigarria izan da zenbait esleipenetan,  adibidez, ostalaritzako ekipamendua hornitzeko prozesuan. Hiru eskaintza jaso ziren eta lana Etxe-lan kooperatibari esleitzea erabaki zen ekonomikoki garestiena izan arren, lana hiru astetan egitea proposatu baitzuen. Altzarien hornidurari dagokionean berriz, bi eskaintza jaso ziren eta bai lana burutzeko epe laburrena eta baita merkeen egiteko proposamena aurkeztu zuen Montte SL enpresari esleitu zaio lotea. Beste bi loteak, sukaldeko ekipamendu eta altzariak eta sukaldeko tresnei dagozkionak prozesura aurkeztu diren enpresa bakarrei esleitu zaizkio, lehen lotea Montte SLri eta bigarrena Suministros hosteleros Euskal Herri SL-ri. Hornitze lan guzti hauek martxan dira, esan bezala.

  Bitartean, Araotzeko ostatua kudeatuko duen pertsona edo enpresa topatzeko esleipena prestatzen ari dira udal arduradunak. Araotzeko taberna-jatetxea eta apartamentu turistikoen ustiaketa esleitzeko prozesuari dagokion baldintza plegoa osatzen ari dira, antzerako azpiegiturak dituzten beste udal batzuen ereduak ikusita. Ustiaketa kontratatzeko prozesua lehenbailehen abiatu nahi da, ahal dela, apirila erdialderako esleipena burutu eta ostatua Aste Santurako ireki ahal izateko. Epea justu xamarra izan litake baina horretan ahaleginduko direla adierazi digute udal arduradunek. Izan ere, Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko auzoak eta udalak sinatu zuten elkarlanerako hitzarmenean zehazten denez, eraikina 10 urtetarako lagako zaio Udalari, epe horretan, bere ardurapean geratuko direlarik ostatuaren ustiaketa eta mantenua. Gero, auzoaren eskura itzuliko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!