Araotzeko ostatua altzariz eta sukaldeko tresnaz hornitzeko kontratazio prozesua abian da
Araotzeko neska-eskola ostatu bihurtzeko eraikinaren egokitze lanak amaitzear daude eta barrua altzariz eta etxetresnaz jantzi eta hornitzeko lizitazioa abian du Udalak. Ekipazio kontratua lau lotetan banatu da: ostalaritzako ekipamendua, altzariak eta sukaldeko ekipamendua, eta sukaldeko tresnak eta bestelako osagarriak, hau da, etxerako eta katering artikuluak.
Lanek guztira 99.000 euroko aurrekontua dute, BEZa kanpo, baina lizitazioa lau lotetan banatu da, esan bezala, eta bakoitzak bere aurrekontua du eta hala argitaratu da udaleko kontratazio iragarkietan. Kontratua betetzeko berriz, 12 asteko epea finkatu du Udalak. Interesatuek azaroaren 8ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Proposamen ekonomikoak izango du pisurik gehien lanak esleitzeko orduan, puntuazio orokorraren %70a, hain zuzen. Kontratua gauzatzeko denbora eta berme epea ere baloratuko dira.
Esleipenean parte hartu nahi duten enpresei Araotzeko ostatua bisitatzeko aukera eman zaie, altzari eta etxetresnez hornitu behar dituzten taberna eta apartamentuak bertatik bertara ikusi ahal izateko. Ostiral goizean egin ziren bisita horiek eta bi enpresek bertaratzeko hitzordua eskatu zuten.
Araotzeko neska-eskola izan zenean taberna-jangela eta hiru apartamentu turistiko egokituko dira, horietako bat guztiz irisgarria. Udalak auzoarekin batera egin ditu egokitze lanok, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Aldundiaren dirulaguntzaz. Lanak gauzatu ahal izateko Udalak eta Araotzeko auzoak lankidetza hitzarmena sinatu zuten eta horren arabera eraikina 10 urtetarako lagako zaio Udalari, epe horretan, bere ardurapean geratuko direlarik ostatuaren ustiaketa eta mantenua. Gero, auzoaren eskura itzuliko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!