Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko egitasmoak aurrera jarraitzen du

2018/09/24
Card image cap
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza lortuta, auzoak eta Udalak bere ekarpena egitea erabaki dute

  Pasa den asteburuan batzartu ziren Araotzeko elkartea osatzen duten 40 ordezkariak eta ostatuaren proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuten, gehiengoz. Lehenago ere auzotarren asmoa hala zen, horregatik hasi ziren egitasmoa erakunde publiko ezberdinetan aurkezten, laguntza ekonomikoa lortze aldera, baina orain, diru ekarpena egiteari argi berdea eman diote.

  300.000 € behar dira Araotzeko nesken eskola ostatu bihurtzeko lanen lehenengo faserako. Eusko Jaurlaritzak 147.000 € agindu ditu, 58.800 € aurten eta gainontzekoa datorren urtean, eta Udalak eta auzoak 153.000 € erdibana jarriko dute, 2018-2019 epean. Ostatu bihurtuko den neska eskolaren teilatua konpontzeko auzo elkartea osatzen duten 40 etxeek diru ekarpen garrantzitsua egin zuten, 1.000 € etxeko. Horregatik, oraingoan, elkartearen jabetzaren bat salduta eskuratu nahi da dirua.

  Koldo Etxegarai arkitektoa lanean ari da jada. Lehen fasean oinarrizko azpiegitura egingo da, eraikina erabiltzeko moduan utziz. Egun oin bakarra duen eraikinean bi solairu egingo dira eta behekoan, taberna, sukaldea eta jangela prestatuko dira, eta ahal izanez gero, mugikortasun urria dutenei egokitutako apartamentu txikia. Bigarren fasean, beste bi apartamendu egokituko dira goiko solairuan. Urte amaiera baino lehen hasi asmo diren lanak 2019.aren hondarrean amaitzea espero da.
Egitasmoaren berri Araotzeko elkartetik kanpo dauden gainontzeko auzotarrei atzo bertan aurkeztu zitzaien.

  Egun auzo elkarteak, Udalak eta Jaurlaritzak babesten duten egitasmo honetara Gipuzkoako Foru Aldundia batzea da araoztarren asmoa. Bigarren faseari ekiteko Diputazioaren diru laguntza eskuratu nahi da eta horretarako dokumentazioa gertatzen ari direla adierazi digu auzo alkateak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!