Oñatiko udala

Arantzazura ibilaldia egingo da larunbatean, Elizbarrutiak antolatuta

2024/03/20
Card image cap
Bidea 9:00etan itxiko da eta oinezkoek gora egin ahala irekiz joango da

  Indarberri zaitez! lemapean egingo da larunbatean Arantzazurako oinezko ibilaldia. Jendea Soraluze hotel parean utzita autobusak Arantzazuraino igoko dira, martxaren aurretik. Oinez igo ezin dutenek ere Arantzazura autobusean joan ahal izango dute eta megafonia bidez jarraituko dute ibilaldian esandakoak, bai eliza barruan baita kanpoko plazatxoan ere. Ibilaldia Santutegian egingo den otoitzaldi batez amaituko da, ez da mezarik ospatuko.

  Ibilaldia, 9:00etan abiatuko da Soraluze hotel paretik. Arantzazurako errepidea ordu berean, 9:00etan, itxiko da eta martxak gora egin ahala, irekiaz joango direla jakinarazi digu udaltzainburuak.

  Komunitatea sendotu eta Aste Santurako prestaketa espiritual moduan antolatu du Donostiako elizbarrutiak larunbateko ibilaldia. Fernando Prado gotzainak gidatuko du martxa eta berak zuzenduko du amaierako otoitzaldia ere, Arantzazuko Santutegian. Ondoren, 13:00etan, Arantzazun aparkatuta, zain egongo diren autobusak irteten hasiko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!