Arantzazuko Parketxea eta aterpetxearen zerbitzuak uztartzeko proposamena egin die alkateak Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Parketxeen Sarea Fundazioari.

2015/02/24

  Gaiaren berri, tokiko gobernu batzarrean eman zuen alkateak berak. Jakinik, Arantzazuko Parketxeak eta egun hauetan inguruan egokitzen ari den aterpetxeak publiko bertsua izango duela, bi zerbitzuen kudeaketa uztartzea egokitzat jotzen du udalak.

  Kontu egin behar da, Arantzazuko Parketxea, Gipuzkoako Parketxeen Sarea Fundazioak kudeatzen duela eta aterpetxea berriz, Arantzazu Gaur Fundazioaren ekimenez egiten ari dela. Bi fundazio horietan, Oñatiko udalak ez ezik, Foru Aldundiak ere parte hartzen du. Horretxegatik, turistei, bisitariei zuzendutako bi zerbitzuen kudeaketa bateratzea proposatu dio alkateak Diputazioari.

  Baina kudeaketaz arduratuko litzatekeen erakundea ez du definitu alkateak eta proposamen ezberdinak helarazi dizkio Foru Aldundiari. Roke Akizu Diputazioko Mendiak eta Natura Saileko Zuzendariari bidalitako gutunean, alkateak hiru aukera proposatzen ditu: bitan, Oñatiko Udalak, GPS, Parketxeen Sarea erakundean jarraituko luke eta Arantzazuko Parketxea eta Aterpetxearen kudeaketa Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziaren babespean edota Gipuzkoako Parketxeen Sarearen babespean baina emakida bateratu baten ateratzea proposatzen du. Hirugarren aukera, Oñatiko Udala GPStik ateratzea da.

  Hiru aukera horien aurrean, Foru Aldundiaren iritzia ezagutu nahi du udalak eta horretxegatik, gutuna bidali dio, esan bezala, Roke Akizu, Mendiak eta Natura Saileko zuzendariari.

  Arantzazuko aterpetxea egokitzeko lanak oraintxu hasi dira egiten eta uda atarirako amaitzea espero da. Amaitzerako, zerbitzuaren kudeaketa zehaztu nahi du Udalak eta aterpetxearen eta Arantzazuko Parketxearen zerbitzuak uztartzeko proposamena luzatu die Foru aldundia eta Gipuzkoako Parketxeen sarea Fundazioari.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!