Arantzazuko parketxea eta aterpetxea kudeatzeko esleipen deialdia egin du Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak

2016/06/30
Card image cap
Prozedura ireki honetan parte hartzeko azken eguna uztailaren 19a da

  Arantzazuko parketxe eta aterpetxean arreta eman eta zentroak dinamizatzeko kudeatzailea kontratatzea da GPS Fundazioak abian jarri duen esleipen prozesuaren xedea. Antzerako zentro eta lanetan eskarmentua duen enpresa topatu nahi da. Horregatik, eskaintzak aurkezterakoan, enpresaren eta pertsonalaren inguruko dokumentazio eta xehetasunak aurkeztea eskatzen da baina baita ere, sektorean eta bete behar den zerbitzuaren pareko lanetan duen esperientzia txosten bidez azaltzea. Era berean, bisitariak artatu eta aterpetxe nahiz parketxearen jarduna dinamizatzeko proposamenak egitea eskatzen da. Txosten tekniko eta hobekuntza proposamenekin batera, enpresek eskaintza ekonomikoa ere zehaztu beharko dute, jakinik, Gipuzkoako Parketxe Sareak, urtean 50.000 eurotan finkatu duela esleipendunari ordainduko dion gehienezko prezioa. Noski, hortik beherako eskaintzak bereziki baloratuko dira. Baina ez da irizpide erabakigarria izango, gehienera lortu daitezkeen 100 puntutik 10 izango baitira proposatutako prezioari dagozkionak.

  Gipuzkoako Parketxeak Fundazioak bere web orriaren bitartez zabaldu du Arantzazuko parketxea eta aterpetxea kudeatzeko esleipen deialdia. Dokumentuan, Gandiaga I eraikinean kokatzen diren bi zerbitzuen ezaugarriak zehazten dira. Parketxearen eraikinak hiru esparru ditu: harrera eta trantsizio esparrua, bisitariei ongietorria emateko gunea, alegia; izadia historian izeneko esparrua, Aizkorriren ezaugarri geologikoak, parke naturala eta historia biltzen duen gunea da; eta azkenik, kultura paisaiaren esparrua, gizakiak ingurunean gauzatu dituen jarduera ezberdinak lantzen dituen gunea. Aterpetxeak bestalde, 56 pertsonentzako tokia du, harrera-jangela-egongelatarako toki irekia, sukaldea, garbitasun eta dutxarako hiru eremu, eta lotarako sei gela ditu.

  Bi zerbitzu hauetara doazen bisitariei ongi etorria egin eta arreta ematea izango da kudeaketa kontratua lortzen duen enpresaren zeregin nagusia, zerbitzua dinamizatzearekin batera. Asmoa, martxan den esleipen prozedura honen amaieran, Arantzazuko parketxea eta aterpetxearen kudeaketa bi urtetarako kontratatzea izango da. Deialdian zehazten denez ordea, hasierako kontratu hori beste bi urtez luzatu daiteke. Baina puntu horretara iritsi aurretik, interesa duten enpresek beren proposamenak aurkeztu behar dituzte. Horretarako azken eguna uztailaren 19a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!