Arantzazuko errepidean ibilgailuen abiadura aztertzeko eskaera eztabaidatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/10/31
Card image cap
Asteroko bilera arratsaldera aurreratu da, bihar jai eguna baita

  Ostegunetan egin ohi da gobernu taldearen asteroko bilera, baina bihar Domu Santu eguna izaki, batzarra aurreratu eta gaur arratsaldean egingo da. 18 gai jaso dira lan zerrendan.

  GI-3591 Arantzazuko errepidea erabiltzen duten ibilgailuen abiaduraz kezkatuta daude Uribarrin eta bertako auzo alkateak aipatu errepidean gehiegizko abiadura aztertu dezan eskatu dio udalari. Gaia, arratsaldean jorratuko da. Uribarriko auzo alkatearen eskaera hori ez ezik, Urrexola eta Olabarrietako auzo alkateek bideratutako beste batzuk ere aztertuko dira arratsaldeko bileran. Urtea amaitzen ari da eta auzoetako ermitetan izaten den argindar gastua arintzeko udalak eman ohi dituen diru laguntzak ere azalduko dira.

  Ingurumena eta Landa Garapena batzordearen eskutik jorratuko diren gai horiezaz gain, Haurrak eta Gazteria batzordeak aurkeztutako beste batzuk eztabaidatuko dira. Gaztelekuan abenduan egin asmo diren kontzertuen berri emango da eta Gaztelekuan hainbat leiho berri irekitzeko proposamena ere eztabaidatuko da.

  18:00tan hasiko da aste honetako Tokiko Gobernu Batzarra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!