Oñatiko udala

Arantzazuko bidea itxita mantenduko da, arriskuak saiheste aldera

2021/01/04
Card image cap
Errepidea oso gaizki dago, bereziki Uribarritik gora, eta Arantzazuko aparkalekua elurrez gainezka dago

  Arantzazuko errepidea itxita dagoela adierazten duen seinalea Azkoagain parean jarrita dago eta ertzainak eta udaltzainak ari dira zaintza lanak egiten. Izan ere, elur berria pilatzen doa eta ingurua arriskutsu dagoela adierazi digute udaltzaingotik. Istripu arriskua saiheste aldera, Arantzazurako errepidea itxita mantentzea erabaki dute, bereziki Urtiagaindik gora oso gaizki dagoelako. Arantzazuko aparkalekuan gainera elur asko ei dago eta hainbat kotxe eta autokarabana bertan harrapatuta, irten ezinda daude zapatutik. Uribarri, Araotz edota Arantzazura bertara doazen auzotarrentzat bidea zabalik dago, baita ganadua dutenentzat ere, baina gainontzekoek ezin ditu Azkoagaindik gora autoz joan.

  Udanarako errepidean ez da arazo berezirik izan, elur makinak etengabe pasatzen ari direlako. Araotzerako bidea ere tarteka garbitu dute, egunean zehar baina tentuz eta kontu handiz ibiltzea gomendatzen da, elurra botatzen jarraitzen duelako. Egoera edozein momentutan, eta edonon, okertu daiteke.

  Elurra 400 metrora zuritzen hasi zuenetik martxan jarri ziren udalak elurra kentzeko propio egokitzen dituen ibilgailuak. Batzuk auzo eta baserri bideak garbitzen hasi ziren, eta horretan jarraitu dute gaur ere, eta arinagoak, kaleak garbitzen hasi ziren zapatu goizean. Adinekoak bizi direlako edo pasatzeko zailtasunak izan dituztelako hainbat dei jaso dituzte udaltzaingoan eta bertatik zuzentzen ari direla jakinarazi digute. Abisuak emateko 092 udaltzaingoaren doako telefonora deitzea eskatzen da. Gatz eskaerak berriz, auzo-alkateen bitartez bideratu behar direla argitu digute. Eta hori ere beharko da, gatza alegia, elurra urtu eta bereziki bihar gauetik aurrera iragartzen diren tenperatura hotzei eta izotzari aurre egiteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!