Oñatiko udala

Arantzazuko autobusa Arrikrutzeko aparkalekura hamairu aldiz sartuko da igandean

2021/04/16
Card image cap
Arantzazu-Araotzeko mugikortasun plana osatzea da asmoa

  Aste Santuan indarrean sartu zen Arantzazu-Araotzeko mugikortasun plan berria guztiz finkatu gabe dago oraindik. Eta alternatiba moduan eskaintzen den domeka eta jaiegunetako autobus zerbitzua ere egokitzen ari da, froga ezberdinak eginda. Arantzazuko autobusa egunean birritan sartzen zen Araotzera, Jaturabeko aparkalekura, orain arte, behin gorakoan eta beste behin beherakoan. Baina bidaiariak aurrez eskatuz gero gehiagotan ere sartzen zen. Pasa den astean jada, Arrikrutzeko aparkalekurainoko aukerak gehitu ziren eta beste horrenbeste egingo da domeka honetan ere. Gorantz, Arantzazura doanean, autobusa seitan sartuko da Araotzera: Oñatitik 10:30etatik 15:30tarako tartean abiatzen diren zerbitzu guztiak. Berdin egingo da beherantz, Arantzazutik 12:00tatik 18:00ak bitartean abiatzen diren beste zazpi zerbitzuetan. Horrela, Araotzera doazenek ere, auto partikularra hartu gabe bertaraino iristeko aukera xamurra izatea lortu nahi da. Alde horretatik, zerbitzua erabiltzera animatzen gaitu udalak.

  Jakinekoa da Aste Santuko egunetan jende asko ibili zela herrian eta konkretuki Arantzazu eta Araotz inguruetan. Horrek, trafiko arazoak sortu zituen eta errepidea behin baino gehiagotan itxi behar izan zen Azkoagain parean. Baina orain, pandemia dela eta, Oñati gorrian eta perimetralki itxita dago eta jende gutxiago etortzea espero da. Udaltzaingoak ere kontrol puntualak jarriko ditu, jendearen sarrera-irteerak zaintzeko, baina aparteko neurri berezirik hartu gabe. Hori bai, Arantzazuko autobusa Arrikrutzeko aparkalekura 13 aldiz sartzearen froga egingo da igandean, etorkizunerako aukera baliagarria den ala ez baloratzeko. 

  Bestalde, Herribusaren Errekaldeko geltokiaren erabilera mugatu egin da astean, Txaketuaneko bidegurutzea itxita dagoela eta. Herribusa hirutan sartzen da Errekaldeko geltokira: 8:00tan, 12.30tan eta 14:00tan. Hala egin du aste honetan eta hala egingo du datorrenean ere, Txaketuaneko bidegurutze inguruan egiten ari diren lanak amaitu eta bidea berriro ireki bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!