Arantzazuko Ama kalean gasolindegia jartzeko eskaera egin du Eroskik

2017/11/17
Card image cap
Ingurumen administrazioaren baimena eta jarduera lizentzia aurkeztea eskatu du udalak, obretarako baimena eman aurretik

  Gasolindegia jartzeko Eroski kooperatibaren asmoa ez da berria, 2014an ere baimena eskatu baitzion udalari. Orduan, baimenik ez ematea erabaki zuen tokiko gobernu batzarrak eta Eroskik, epaitegietara jo zuen erabaki horren kontra. Donostiako Administrazioarekiko Auzitegiak kooperatibaren errekurtsoa baztertu bazuen ere, Auzitegi Nagusiak apelazio errekurtsoa onartu zuen. Ondorioz, Eroskik Arantzazuko ama kaleko 25ean gasolindegia eraikitzeko baimena tramitatzeko eskaera berria aurkeztu du udaletxean. Lanetarako baimen eskaerarekin batera dagokion jarduera eta obra proiektua presentatu ditu kooperatibak.  Eroski supermerkatuaren egungo aparkalekuan, 8 x 5,5 m-ko markesina, kontrol-etxola, hornigailua eta sestra-azpian erregai-tankea eraikitzea aurreikusten da.

  Udalak ez du lan baimenik eman oraindik, aurrez, hainbat agiri eskuratu eta aurkeztu beharra azaldu zaie kooperatiba ordezkariei. Proposatzen den gasolindegi jarduera bereziki sailkatutako jarduera da, ingurugiroa babesteko legearen arabera. Beraz, lanak egiteko baimena eman aurretik jarduera lizentzia hori tramitatu eta eskuratu beharko du Eroskik. Arantzazuko ama kaleko 25. zenbaki ingurua bestalde, lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioak zehazten dituen inbentarioan jasota dago, udalak jakinarazi duenez. Horregatik, obra baimena eman aurretik, ingurumen administrazioaren baimena aurkeztea eskatu dio udalak kooperatibari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!