Arantzazuko Ama kalean gasolindegia eraikitzea eta Kurtzekua kalean jasotzen ari ziren eraikina derrigorrezko salmenta egoeran aldarrikatzea aztergai gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/02/01
Card image cap

  EROSKIk Arantzazuko Ama kalean duen dendaren aparkalekuan gasolindegia eraikitzeko asmoa du. Horretarako lehenengo eskaera ukatzean udalaren kontra auzitara jo zuen kooperatibak eta ebazpena aldekoa izanik, bigarren eskaera egin zuen orain hilabete batzuk dela. Gaiak bizilagunen kezka sortu zuen, inguruan etxeak ez ezik, ikastetxe bat ere badagoelako. Kezka hori Eroskiko arduradunei helarazi zitzaien. Udala, bizilagun eta kooperatibaren ordezkarien arteko bilera bat egin zen  eta gaia gobernu batzarrera iritsiko da berriro, gaur arratsaldean.

  Kurtzekua kaleko 3-4 zenbakietan eraikitzen hasi baina amaitu gabe geratu ziren etxebizitzen gaia ere aspaldikoa da. 2016ko abenduko Osoko Bilkuran eraikina eta honen orubea derrigorrezko salmenta egoeran aldarrikatzen zuen alkate dekretuaren berri eman zen. Konkretuki, lurra eta amaitu gabeko eraikina derrigorrezko salmentan deklaratzeko espedienteari hasiera ematen zion aipatu alkate dekretuak. 13 hilabete pasa dira orduz geroztik eta gaia zertan den azalduko da arratsaldeko tokiko gobernu batzarrean.

  Lan zerrendan jasota dauden 26 gaietako bi dira aipatutakoak. Lazarraga kalerako argiteria proposamena edota Bergarako udaletik jaso den eskaera ere aztertuko dira gaurko bileran. Jatorri aniztasunaren elkar ezagutza eta aitortza sustatzeko Foru Aldundiak deitu dituen diru-laguntzetara eskaera aurkeztearen gaia ere azalduko da. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!