Arantzazuko Ama kalea arratsaldean irekiko da trafikorako

2020/09/18
Card image cap
Astelehenean berriro itxiko da Elkar Hezi ikastetxeko ikasleen segurtasuna bermatzeko

  Astebetez proba egin da eta Arantzazuko Ama kalea itxita mantendu da Eroskiko aparkaleku sarreratik Berezao auzorako bidegurutze tartean, Covid-19ari aurre egiteko espazioa handitu eta Elkar Heziko ikasleen segurtasuna bermatze aldera. Aurretik, beste astebetez, errepidearen errai bat hartu zen soilik. Baina hainbat arazo antzeman ziren eta proba berria egitea erabaki zen errepidea trafikorako guztiz itxiz. Bigarren aukera hau egokiagoa dela ikusi da eta datorren astean errepikatu egingo da. Baina tartean dagoen asteburu honetan errepideko oztopoak kendu eta Arantzazuko Ama kalea ibilgailuentzat zabalik utziko da. Gaur, haurrak eskolatik irteten direnean baztertuko dira errepidea ixten duten elementuak eta astelehen goizean, lehen orduan, berriro jarriko dira.

  Irailaren 7an ikasturte berria hasi zenean hainbat egokitzapen egin ziren haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeen atarietan, oinezkoentzako espazioak handitzeko helburuarekin. Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean adostutako neurriak dira,  ikasleen sarrera-irteerak modu mailakatu eta seguruan egin eta jende pilaketak saihestu eta segurtasun-distantzia mantendu ahal izateko. Hau da, Covid-19ari aurre egiteko prebentzio-neurriak bermatzeko.

  Elkar Hezi ikastetxe atarian bezala, Txantxiku ikastola eta Urgain Errekalde aurrealdean ere espazioa irabazteko neurriak hartu dira:  aparkaleku batzuk kendu eta lekua oinezkoentzat gorde da. Aldaketa hauek datorren astean ere indarrean jarraituko dute, behin behineko proba gisa. Datorren astean ikastetxeetako eta udaleko ordezkariek bilera egingo dute hartutako neurrien eraginkortasuna baloratu eta etorkizunean mantendu edo beste neurri batzuk hartu erabakitzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!