turismoa

Arantzazu inguruneko natura-aisialdia sustatzeko mendi ibilbideen egitarau berria antolatu dute Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak taldeak.

2014/04/10
Card image cap
Lehenengo irteera, domekan egingo da, “Duruko lapiaza” izenekoa.

  Arantzazuko Parketxeak, Arantzazuko Adiskideak taldearen lankidetzarekin antolatutako mendi irteera programazio honen ezaugarria, irteera gidatuak direla da. Alegia, ingurua ondo ezagutzen duten lagunekin egiten dela. Egitasmoa, Arantzazura hurbiltzen den bisitari eta naturaren maitale orori zuzenduta dago. Bi dira, egitasmoaren helburuak: Arantzazuko ingurunearen garapen turistikoa bultzatzea eta Aizkorri-Aratzeko Parke Naturala ezagutaraztea.

  Apiriletik urrira bitartean, irteera bana egingo da hilero, abuztuan izan ezik. DURUKO LAPIAZA ibilbidea izango da lehena, baina ondoren, Uraren bidea, Pin pil, Aloña, Aizkorri eta Kontrabandisten ibilbidea izenekoa osatuko dira.

  Txango bakoitzean parkeko ondare kultural, historiko eta naturalari lotutako gaiak landuko dira. Uraren jatorria eta erabilera, petroglifoak, unibertso karstikoa edota mendi mugak eta kontrabando jardueran sakonduz. Irteerek, izaera ludiko eta informatiboa izango dute eta ibilbide bakoitzari buruzko argibide eta bitxikeriak natura gidarien eta kolaboratzaileen eskutik jasoko dira, lehen esan bezala.

  Ibilbideak orokorrean, igandetan egingo dira eta goiz osoko iraupena izango dute, lauzpabost ordu inguru. Uztailaren 21ean egingo dena da salbuespena, zapatu ilunkaran egingo baita eta propio gainera, mendia ilunabarrean ezagutzera ematea baita helburua.

  Ibilbide guztietarako salneurria ere finkatu da; 3 euro helduentzat eta 2, 6-12 urte bitarteko haurrentzat. Interesatuek, izena, Arantzazuko Parketxean eman behar dute, emailez edo telefonoz.

  Aurtengo egitasmoa domeka honetan bertan, apirilaren 13an hasiko da. “Duruko lapiaza” izeneko ibilbidea egingo da.

Itturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!