Arantzazu Gaur Fundazioak, Gandiaga Topagunean aterpetxea egokitzeko lanak, lizitaziora atera ditu.

2014/11/07
Card image cap
Proposamenak aurkezteko epea, hilaren 17an amaitzen da.

  Orain bi urte egin zen proiektua pitin bat egokituta, Gandiaga topagunean 58 lagunentzako aterpetxea prestatuko da.

  Aterpetxeak 500 metro karratuko azalera izango du. Alonso Hernandez asociados arkitekto enpresak egindako proiektuaren arabera, Arantzazuko aterpetxeak 12 oheko lau logela eta 10eko beste bat izango ditu. Gizonezko eta emakumezkoentzako bainu gela bana, hiruna dutxa eta beste horrenbeste komunekin eta ezinduentzako egokitutako beste bainugela txikiago bat ere bai.

  Horiezaz gain, aterpetxeak, 27 metro karratuko sukaldea izango du, bere biltegiarekin eta sukaldearen ondoan, 104 metro karratuko jangela-egongela zabala. Espazio hau moldagarria izango da eta bertako mahai eta aulkiak unean uneko beharren arabera antolatzeko aukera egongo da.

  Gandiaga Topaguneko B eraikina deritzonean aterpetxea egokitzeko lan hauek, 312 mila euroko lizitazio aurrekontua dute.  Horri, BEZa batu behar zaio. Lanen esleipena egiterakoan enpresen eskaintza ekonomikoak erabakigarriak izango dira, guztira banatuko diren 100 puntuetatik 80 eskaintza ekonomikoen gain banatuko baitira. Egikaritza epea, berme epea luzatzea eta hobekuntzak dira esleipenean kontutan hartu eta baloratuko diren beste faktore batzuk.

  Egikaritza epea aipatuta, esan lanak, bost hilabete eskasean egin beharko direla, lizitazio baldintzetan, 23 asteko epea zehazten baita zuinketa akta izenpetu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Lanak beraz, uda hasierarako amaituta egotea espero da.

  Arantzazu Gaur Fundazioak abiarazi duen egokitze lan hauen iragarkia eta dokumentazio osagarria, udaleko web atarian ikusgai dago. Proposamenak ere, udaletxeko bulegoetan aurkeztu behar dira goizeko 9etatik ordu biak bitartean. Beti ere, horretarako azken eguna, hilaren 17a izango dela kontutan hartuta.

  Kontratazio mahaian ere udal teknikariek parte hartuko dute, fundazioaren batzorde eragileko presidente eta patronatuko idazkariarekin batera, udaleko hirigintza teknikariak, kontu-hartzaileak eta idazkariak osatuko baitute kontratazio mahaia.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!