"Arantzazu defenda dezagun" plataformak aurkezpen publikoa egin zuen larunbat goizean

2016/10/24
Card image cap
Harrobiaren ustiaketa bikoitzeko eskaerak erakundeek urteetan sustatu dituzten balore eta babes legediak urratzen dituztela esan zuten

   Zentzu horretan, Jaurlaritzako Ingurumen Sailean jaso den inpakto eragin txostenaren kontra alegazioa aurkeztu dutela azaldu zuten. Gogoratu, Udalak ere, beste alegazio bat presentatu duela.

  Arantzazu defenda dezagun plataforma hainbat talde eta gizabanakok osatzen dute. Tartean dira, Arantzazuko auzotarrak, frantziskotarrak, Aloña Mendi mendi saila, Oñatiko eskalatzaileak, Aloñako Lagunak, Gaztetxea, Oñatiko Naturzaliak, Bergarako Mendia Bizitik Pol-Pol mendi taldea eta Naturtzaindia Taldea, besteak beste. 80ren bat lagun bildu ziren larunbat goizean Arantzazun, harrobia aurrez aurre zutela, eta guztien izenean Pello Zabala frantziskotarrak berba egin zuen. Urteetan martxan egon den Arantzazuko harrobiaren ustiaketa bikoiztu nahi dela esan zuen eta datua ere eman zuen, egun 52.300 metro karratuko ustiapena dena,  100.000 metro karratura handitzeko proiektua aurkeztu dela. Handitze proiektuari ezezkoa emateko hainbat arrazoi ere eman zituen: Aizkorri Aratz parke naturalaren periferian kokatzen den eremu honek duen babes legedia urratzen dela, halako proiektu batek bertako bioaniztasuna arriskuan jarriko lukeela, egungo ur dinamika guztiz aldatuko lukeela, etxebizitza eta Santutegitik hain gertu egonik, auzotar zein ibiltarien segurtasuna arriskuan jarriko lukeela, paisaia inpaktu basatia eragingo lukeela. 

  Arantzazu defenda dezagun plataformak sinadura bilketa bat abiatu du change.org-ren bitartez. Gogoratu, Udalak, gaiari buruzko bilera informatibo irekia antolatu duela biharko. 19.00tan udaletxeko areto nagusian izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!