Arantzazu auzoan bi lursail errentan emateko lehiaketa deitu du Udalak

2022/11/08
Card image cap
(Arg: Guaixe)
Hektarea erdi baino gutxiago neurtzen dute eta behorrak larreratzeko alokatuko lirateke

  Herritar batzuen eskaerari jarraituz onartu du udalak bi lursail errentan emateko prozedura abiatzea. Erakunde publikoa den aldetik ezin du ondasun bat beste baten esku zuzenean utzi eta deialdi publikoa egin beharra dauka. Kasu honetan, Arantzazu auzoan bi lursail errentan emateko lehiaketa deialdia kaleratu du, urriaren 27ko Tokiko Gobernu Batzarrean onartutako oinarrien arabera.

  Errentan eskaintzen diren bi lurzatiak Arantzazu auzoan kokatzen dira: bat, Albitxuri-erreka ondua deritzona da eta 1.995 metro karratuko azalera dauka, bestea, Arrola aldeko kastaña potua da eta 2.075 metro karratuko azalera dauka. Bi lurzati hauek urtean 200 euroren truke errentan emango lituzke udalak, bost urtetarako, epea, beste bost urtez luzatu ahal izango litzatekeelarik.

  1988an egin zen lur patrimonialen inguruko memoriaren arabera, aipatu bi lursailetan arbolak nagusi dira, 60 urte inguruko alertzeen basoa dago eta horiekin batera gaztainondo motz zaharrak ere badaude. Lursailek baso aprobetxamendurako izaera dute baina basoko artzaintza edo abeltzaintza jarduerak bateragarriak direla iritzita, behor gutxi batzuk larreratzeko egokia liratekeela jaso da. Baina bi lursailak hektarea erdiaren azpitik daudela kontutan hartuta, gehienez hiru behor larreratzeko baimena ematea gomendatu da, lurraren gehiegizko zapalketa eta higadura saihesteko. Lursail hauek errentan hartzeko prest azaldu ziren herritarrek horretarako nahi dutela adierazi zieten udal arduradunei, alegia, abelburu gutxi batzuk larreratzeko. Herritar horiek, eta interesa luketen beste batzuek, eskaera udal bulegoetan aurkeztu behar dute, azaroaren 28a, 14:00ak baino lehen. Orduan amaituko da lehiaketa honetara proposamenak aurkezteko epea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!