Oñatiko udala

Apirilaren 6an aurkeztuko da Oñati Vizirik disko kolektiboa

2024/03/08
Card image cap
Partaideen kontzertu bira eta mahai-inguruak antolatu dira

  Antixena gaztetxeak Oñati Vizirik egitasmoaren inguruko ekitaldi kartela kaleratu berri du. Apirilaren 6a disko berria aurkezteko egun osoko egitaraua prestatu da baina beste ekintza osagarri batzuk ere izango dira, apirila eta maiatzean zehar.
Herriko 18 musika talde eta bakarlarik parte hartu dute Oñati Vizirik CDan. Kantu bana grabatu zuten pasa den asteburuan Gaztetxean eta orain, diskoari azken ukituak ematen ari dira. Apirilaren 6an aurkeztuko da Antixenan bertan, zazpi taldek eskainiko duten kontzertuaz. 5 eurotan salduko diren sarrerekin diskoa opari jasoko da. Baina aurkezpen egunari dagozkion ekitaldiak goizean hasiko dira, herriko artisauen azoka eta bazkaria izango direlarik, Gaztetxean. Bazkalostea ere musikaz girotuko da.

  Apirilaren 10ean eta 17an musika eszenaren inguruko bi mahai-inguru egingo dira, lehenean, euskal eszena aztertuko da hiru euskal sortzailerekin eta bigarrenean, Oñatiko musikaren iragana eta oraina izango da eztabaidagaia, herriko sortzaileak gonbidatuz. Eta herriko musikari sortzaileak ere protagonista izango dira maiatza-ekainean egingo den Oñati Vizirik kontzertu biran. Disko kolektiboan parte hartu duten artistekin hiru kontzertu lotu dira, Igorreko eta Arrasateko gaztetxeetan eta Iruñeko Aitzina tabernan. Ekintza guztien berri ematen duten kartelak zabaldu dira.

  Oñati Bizirik lehen musika bilduma 2006an kaleratu zen, garaiko gaztetxean egin zen kontzertu baten grabazioaren harira. Norbere kantuen grabazio txukuna egiteko zailtasunak egun baino handiagoak ziren orduan. Ondoren beste CD kolektibo batzuk ere egin ziren, gaztetxearen eta taldeen ekimenez. 4.a, 2018ko martxoan osatu zen eta sei urte beranduago dator bostgarrena, Oñati Vizirik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!