Apirilaren 29an egingo du Hermansoloñak urteko batzar nagusia
Aurreko urteko memoriaren berri eman eta urterako aurreikusten diren jarduerak eta diru kontuak azaltzea izan ohi da Hermansoloña elkartearen urteko batzarraren ardatz nagusiak, zuzendaritza batzordea berritzearekin batera. Azken bi urteetan memoria osatu eta bazkideei postaz bidali zaie baina ez da aurrez aurreko batzarrik egin. Aurten ordea, osasun egoerak hobera egin duela ikusita, batzar nagusia egiteko deialdia zabaldu du elkarteak. Apirilaren 29an izango da, kale Zaharreko lokalean, 19:00tan. Elkarteko bazkide eta lagunei dokumentazioa bidaltzen hasiak dira.
Hermansoloña taldeak kale Zaharreko arropa eta bestelako produktuen biltegiaren ardurarekin jarraitzen du egun. Herritar nahiz enpresek bertara eramandako materiala beharra duten pertsonei banatu ohi zaie herriko hainbat erakunde eta taldeen bitartez. Hala, aktiboki lan egiten dute Caritas, Zehar errefuxiatuak, Hotz Oñati, Oñatiko Saharar komunitatea eta bestelako taldeekin.
Kale Zaharreko lokala astean bi egunetan irekitzen da, astelehenetan 10:30tatik 12:00tara eta 17:30tatik 19:00tara eta asteazken goizetan, 10:30tatik 12:00tara. Gogoratu, datorren astelehenean itxita egongo dela, jaieguna baita.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!