Apirilaren 21eko hauteskundeetarako hautesle erroldak ikusgai daude, datorren astelehenera arte

2024/03/04
Card image cap
Braille eta posta bidezko bozka eskatzeko epea zabalik dago

  Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetarako prozesua martxan da. Apirilaren 21ean bozka eman ahal izango duten hautesleen zerrenda ikusgai dago udal bulegoetan. Errolda datuak zuzenak direla ikustea bereziki komenigarria da, 18 urte bete berri dituztenentzat, helbidez aldatu direnentzat, izan herri barruan edo beste herri batetik Oñatira etorrita, edo aurreko hauteskundeetan identifikazio arazoren bat izan zutenentzat. Hautesle zerrendak kontsultatzeko udaletxeko HAZ bulegora joan behar da, nortasun agiriarekin, pasaportearekin edo gida baimenarekin. Astebeteko epea dago horretarako, gaurtik martxoaren 11ra arte. Kontsulta horrekin botoa emateko eskubidea dutenek beraien datuak egiaztatuko dituzte. Izen abizenak eta helbidea ondo dauden ikusi eta hala ez bada zuzenketa eskatu ahal izango dute, HAZ zerbitzuan bertan.

  Apirilaren 21ean bozka zuzenean, dagokien hauteskunde mahaian ematerik ez dutenek, posta bidezko botoa eskatu dezakete jada. Tramitea, estatuko edozein posta bulegotan egin daiteke apirilaren 11ra bitartean. Atzerrian daudenek dagokien kontsulatuan egin beharko dute eskaera. Braille sistema bidezko botoa eskatzeko epea ere zabalik dago, martxoaren 25era arte.

  Hautagaien behin behineko zerrendak martxoaren 20an argitaratuko dira eta beharrezko zuzenketak eginda, behin betiko zerrendak 26an kaleratuko dira. Hauteskunde kanpainako ekintzetarako leku eta lokal publikoen zerrenda osatu eta jakinarazi beharko dute Udalek, datozen egunotan, eta martxoaren 23tik 27rako tartean, hauteskunde mahaitan egon beharko duten herritarrak izendatzeko zozketa ere egin beharko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!