Oñatiko udala

Aozaraza kaleko argiteria berritzea aztertuko da gaurko tokiko gobernu batzarrean.

2014/02/06
Card image cap
Kalean egiten ari diren hoditeria aldaketa eta irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak osatzeko proposamena da.

  Aozaraza kalea irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanen baitan, oso kaltetuta zegoen zorua berrituko da. Aurretik dena den, ur hornidura sarea eta argindarraren hoditeria aldatu eta airetik zegoen telefono hariteria ere lurperatzen ari dira. Azpiegitura lan hauek amaituta, kalea asfaltatuko da. Adokin formaz inprimatutako asfalto geruza jarriko da, Atzeko kalean dagoenaren modukoa. Kale guztia altura berean egokituko da baina oinezkoei lehentasuna emanez. Hala, piboteak jarriko dira kalearen sarreran eta bertan garajea dutenek soilik izango dute pasatzeko aukera. Kalean aparkatzea beraz, debekatu egingo da. Lan hauek osatuz, LED motako luminaria berriak jartzea aurre ikusten da baina gaia, esan bezala, gaurko tokiko gobernu batzarrean eztabaidatuko da.

  Irisgarritasun lanak aipatzen hasita, San Lorentzo auzoan 3. area denekoan egiten ari diren lanen inguruko azken tramiteak ere gaur azalduko dira. Egun muntatzen ari diren hirugarren igogailua jarri ahal izateko hainbat lur desjabetu behar izan zituen udalak eta horren inguruko espedientea osatzeko azken tramiteen berri emango da gobernu taldearen gaurko bileran.

  Aipatutakoak, lan zerrendan jaso diren 26 gaietako bi dira.

  Kale Zaharreko lanak, URA ur agentziari errekerimendua egitea edota hainbat herritarrek eskatutako lan baimenak dira aztertuko diren beste gai batzuk.

  Gaztedia batzordearen eskutik, Gaztelekuan otsailean izango den egitarauaren berri ere emango da eta Ongizate zerbitzuak batzordearen eskutik berriz, etxebitiza sozialak konpontzeko egin diren gastuak, etxez etxekako zerbitzuaren eskaerak edota eguneko zentroari buruzko gaiak azalduko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!