"Antxinako Zubillagari begirada bat" liburua aurkeztu zen atzo

2017/06/30
Card image cap
Lehengo eta oraingo Zubillagaren ikuspegi orokorra ondorengo belaunaldiei uzteko asmoz osatu da lana

  Antxinako Zubillagari begirada bat liburua argazki eta hainbat bideo jasotzen dituen DVD batez osatu da. Galtzear dagoen bizimodu bat jaso beharraren kezkatik abiatu zen lana, hainbat auzotarren ekimenez. Liburuari forma eman eta lana osatze aldera Artixa taldearengana jo zuten laguntza eske. Berehalakoan jarri ziren guztiak elkarlanean. Horixe eskertu zen atzoko aurkezpenean eta osasun arazoak tarteko bertan egoterik izan ez zuen Xabier Ugarte gogoan hartuta.

Zubillaga auzoari eskainitako liburua Jerardo Elortzak egindako sarreraz hasten da. Auzotarrek kontatutakoa jasoaz eguneroko bizimoduari erreferentzia egiten dieten gaiak bildu dira: erlijioa, eskola, jolasak, jaiak, ermandadeak eta beste. Industriak atal berezia du liburuan, izan ere, 700 urteko industria historia biltzen baitu Zubillagak. Atal hau Jose Antonio Azpiazuk osatu du. Ondoren, auzotar esanguratsuak, 100 urte betetzera iritsi ziren hainbat zubillagatar eta toponimia, mapa eta argazkiak azaltzen dira.

  244 orrialdeko liburu-DVDaren 700 ale argitaratu dira. Korpus domekan plazan salgai jarri ziren baina egun Txokolateixian eta turismo bulegoan eskuratu daitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!