Oñatiko udala

Antonino Ibarrondori eskainitako kontzertu berezia egingo du Musika Bandak domekan

2014/03/21
Card image cap
Egitaraua, Antoninok sortutako 13 doinuz osatuko da

  Antonino Ibarrondo Oleaga jaio zeneko lehen mendeurrena ospatzen da aurten. Horren haritik, urte osoan zehar egingo diren hainbat ekitaldi berezi antolatu dira. Eta ospakizunei hasiera emateko  berak  urteetan zuzendu zuen Musika Bandaren kontzertua izango da domekan. Emanaldian joko diren 13 doinuak, Antonino Ibarrondok konposatutakoak dira.

  Kontzertuan joko den piezarik zaharrena, Antoninok 20 urte besterik ez zituela sortu zuen “Ongi etorri” doinua izango da 1934an idatzitakoa. Gehienak ordea, 1949 eta 1954 urteen artean sortutakoak izango dira. Lanik berrienak, aldiz, kontzertuaren hasieran joko dira: “Arantza artian” 1970ean egindako obertura  eta S.E.E.I izeneakoa, 1965ekoa.

  Izan ere, Antonino Ibarrondo banda zuzendari ez ezik konposatzaile oparoa ere izan baitzen. Herrian oso ezagunak diren hainbat kontzertu pieza, doinu eta kalejira ugari berak sortu zituen.

  Oñatiko musika banda desegin zenean, Sestaoko udal bandaren kargu hartu zuen Antonino Ibarrondok eta urte batzuk geroago Bilboko musika bandaren zuzendari ere izan zen.

  Antonino Ibarrondo 1985ean hil zen, musika ugari sortu, jo eta zuzendu ondoren.

  Semeak, Iñaxio Ibarrondok zuzenduko du Musika Bandak domekan eskainiko duen kontzertua. San Jose egunaren inguruan, aitaren egunaren inguruan bandak egin ohi duen kontzertua Antonino Ibarrondori eskainia egongo da. Eguerdiko ordu bata laurden gutxitan hasiko da Santa Ana aretoan. 

Iturria: Oñati irratia
 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!